Gizartea
Indarkeria matxista
Diskotekatik irtetean Bartzelonan bortxatutako adingabeak ez du ezer gogoratzen, buruan jasotako kolpeagatik
Agentziak | EITB Media
Biktimak "gertakariak ia erabat ezabatu ditu", abokatuaren arabera, buruan jasotako kolpearen eta jasandako ondorioen eraginez. Epaileak aurretiazko froga gisa onartu du deklarazioa, neska "berriz biktimizatua" izan ez dadin.
-
Adingabe bat bortzatxeagatik atxilotutakoa. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Azaroaren 1ean Igualadako (Bartzelona) diskoteka batetik irtetean bortxaketa baten biktima izan zen 16 urteko gazteak ez duela ezer gogoratzen esan dio epaileari. Adingabeak bideokonferentzia bidez deklaratu du erasoaren ustezko egilea atxilotu eta hilabetera. 20 urteko gizonak sexu delituengatik aurrekariak ditu, eta behin-behineko espetxealdian dago.
Deklarazioaren ondoren, Jorge Albertini biktimaren abokatuak hedabideei azaldu dienez, deklarazioa aldez aurreko froga gisa onartu dute, errepikatu behar ez izateko eta "biktimizazio bikoitza ez sortzeko". Biktimak erasoaren ondorengo hilabeteetan bizi izan duena —"beldurrezko eta insomniozko gauak"— eta jasotzen ari den tratamendu psikologikoa zehaztu ahal izan ditu.
Adingabeak psikologoen laguntza izan du galderei erantzun ahal izateko. Ustezko erasotzailea epaitegiko aretotik jarraitu ditu erantzunak. Biktimak ez du ikusi, legeak ezartzen duen bezala.
Akusazioaren abokatuek azaldu dutenez, adingabeak adierazi du ez duela "ezer" gogoratzen, buruan jaso zuen "kolpe handia" eta "jasandako ondorioak" direla eta. Tren geltokirantz eta etxerantz hartutako bidea ere ez du gogoratzen.
"Gertakariak ia erabat ezabatu ditu", azpimarratu du Albertinik. Azaroaren 1etik 11ra bitartean bizi izan zuen guztiaren amnesia du biktimak.
Hala ere, xehetasunez azaldu ahal izan du sei ebakuntza kirurgiko egin dizkiotela, baita izan dituen eta oraindik pairatzen dituen ondorioak eta traumak ere: lorik egin gabeko gau asko, buruko min handiak eta etxetik irteteko izua. Horietako ondorio batzuk berriro piztu zitzaizkion ustezko bortxatzailea atxilotu zutenean.
"Neskato baten bizitza hondatu du", laburbildu du abokatuak.
Herri akusazioa den Fecasarm gaueko aisialdiaren patronaleko Joaquim Boadasek kontzientziazio kanpaina sendoagoak eskatu dizkie administrazioei, baita maiztasun handiagoa garraio publikoan gauez eta polizia gehiago aisialdi eremuetan, gazteak seguru senti daitezen.