Gizartea
gipuzkoa
Zegama-Aizkorri mendi lasterketak trafikoari eragingo dio goizean zehar
agentziak | eitb media
Lasterketaren nazioarteko izaera dela eta, publiko ugari bertaratzea espero da, eta horrek gorabeherak eragingo ditu gipuzkoar herriaren inguruetan.
-
Zegama-Aizkorri mendi lasterketa. Artxiboko argazkia: Iñaki Golmayo Gurrutxaga
Igande honetan Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren XXI. edizioa izango da eta, horren nazioarteko izaera eta bertaratzea espero den jendetza direla eta, gorabeherak izango dira bai ibilgailuen trafikoan, bai Zegama herri gipuzkoarrean eta aldirietan dauden aparkalekuetan.
Ertzaintzak iragarri duenez, trafikoaren gorabeherak eta kontrolpeko aparkalekuak Intxaustiko Industrialdean izango dira gehienbat, Zegamarako sarbidea GI-2634 errepidetik duena. Ibilgailuei sarbidea itxiko diete 06:30etatik aurrera, eta korrikalari akreditatuen eta antolatzaileen ibilgailuek bakarrik izango dute sarbidea.
Intxaustiko Industrialdeko aparkaleku nagusia antolatzaileen kontrolpean egongo da, eta aparkaleku alternatiboa eskainiko zaie lur orotako ibilgailuei Ibarretan; antolatzaileek baimendutakoei soilik.
Zegamako herrigunerako sarbidea oinez edo antolatzaileek prestatutako autobus transbordadorean egin beharko da. Otsaurten, Ertzaintzak Zegamarako sarbidea itxiko du 06:00ak eta 14:00ak bitarte. Bereizgarri arrosa edo morea dutenak bakarrik sartu ahal izango dira. Zegamarako trafikoa N-1 errepidetik desbideratuko da (Idiazabal-Segura-Zegama).
Behin ibilgailua aparkatuta, Zegamako herrigunerako sarbidea oinez egingo da bidegorritik, edo autobus transbordadoreen etenik gabeko zerbitzu publikoaren bitartez. Bestalde, Beunde eta Sancti Spiritu arteko bidean Ertzaintzak kontrolatuko ditu zirkulazioa eta aparkalekuak.
Arantzazuko santutegirako sarbideak ere arautuko ditu Ertzaintzak, aparkalekuak bete eta gero. Zerbitzu publikoko ibilgailuei bakarrik emango zaie sarbidea. Gainera, antolatzaileek autobus zerbitzua prestatu dute publikoa santutegira igotzeko.
Era berean, autokarabanek ezin izango dute eremu urbanoetan aparkatu. Ertzaintzak adierazi duenez, autokarabanek eta korrikalarien furgonetek izango dute aparkalekurik Zegaman, Olaberria-Ugarte Zelai auzoan eta Anduetza Interpretazio Zentroan, hain zuzen. Probetan parte hartuko dutenentzat bakarrik izango da, eta horretarako prestatutako lekuetan bakarrik egongo da baimenduta aparkatzea.
Bisitarien autokarabana eta furgoneten aparkalekuak, berriz, Segura-Idiazabalen (Guardi Poligonoan) egongo dira. Otsuarte eta Sancti Spiritu arteko bidean gaituko dutenean, Beundan eta Aldaolan gaitutako aparkalekuetan bakarrik aparkatu ahal izango da.