Itxi

Gizartea

Gaixotasunak

Tximino-baztangaren lehen kasua baieztatu dute Gipuzkoan, hirugarrena EAEn

EiTB Media

Gizon bat da, eta lotura epidemiologikoa du Euskaditik kanpoko beste kasu batzuekin. Bere egoera ez da larria, eta Osakidetzak etxean egiten dio osasunaren jarraipena.

  • Tximino-baztangaren birusa mikroskopio batean. Argazkia: EFE

    Tximino-baztangaren birusa mikroskopio batean. Argazkia: EFE

Hiru dira jadanik Euskadin tximino baztangaren kasu baieztatuak.

Gipuzkoako gizon bat da, eta lotura epidemiologikoa du Euskaditik kanpoko beste kasu batzuekin, Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Bere egoera ez da larria, eta Osakidetzak etxean egiten dio osasunaren jarraipena.

01:00

Tximino-baztangaren Euskadiko lehen bi kasuak baieztatu zituzten asteazkenean. Hain zuzen ere, Arabako bi gizonek eman zuten positibo. Horien sintomak arinak ziren, eta ez zituzten ospitaleratu behar izan.

Osasun Sailak azaldu zuenez, Mikrobiologia Zentro Nazionalak baieztatutako bi kasuek lotura epidemiologikoa zuten Euskaditik kanpoko beste kasu batzuekin.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "lasaitasun" mezua igorri zuen ostegunean, EAEn baieztatu diren lehen kasuen aurrean. Sintoma arinak dituztela azaldu zuen eta azpimarratu zuen "transmisioa lehenbailehen moztea" dela garrantzitsuena.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ez du lehentasun bat ikusten tximino-baztangaren aurkako txertaketa masiboak aurrera eramatea. Gaixotasunaren ia 200 kasu atzeman dituzte herrialde ez endemikoetan, erakundeko adituek gaur azaldu dutenez.