Gizartea
Gaixotasunak
Sagarduik "lasaitasuna" eskatu du tximino-baztanga kasuen aurrean, arinak direlako
Agentziak | EITB Media
"Transmisioa ahalik eta azkarren moztearen" garrantzia azpimarratu du Osasun sailburuak, eta Osakidetza lanean ari dela esan du kaltetutako bi pazienteen kontaktuak arakatzeko. Egoera "erabat kontrolatuta" dagoela ziurtatu du.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "lasaitasun" mezua igorri du Euskadin baieztatu diren lehen bi tximino-baztanga kasuen aurrean. Sintoma arinak dituztela azaldu du eta azpimarratu du "transmisioa lehenbailehen moztea" dela garrantzitsuena.
Sagarduik, Donostian erizaintzaren eta txertoen III. Biltzar Nazionalaren inaugurazioan parte hartu aurretik Europa Pressi egindako adierazpenetan azaldu duenez, "zorionez", Araban bi gizonengan atzemandako kasuak "sintomatologia arinarekin ari dira igarotzen".
"Bi pertsona horien egoera egonkorra" dela azaldu du eta, oraingoz, egoera "erabat kontrolpean" dagoela.
Osasun sailburuak adierazi duenez, bi pertsona horiek "etxean konfinatuta daude, jarraipena egiten ari zaie anbulatoriotik, eta ez dute ospitaleratzeko beharrik izan, haien osasun-egoera ona delako". Horrela, "une honetan ospitale-neurriak hartzea eskatzen duen sintomatologiarik" ez dagoela azpimarratu du.
Era berean, adierazi du Osakidetzan lanean ari direla "kutsatutako pertsona horien kontaktuak zeintzuk diren jakiteko eta, hala behar izanez gero, kontaktu horiei osasun-laguntza emateko".