Gizartea
Tren istripua Zallan
Zallako alkatea: "Gaur familiarekin gaude, aldarrikapenak beste egun baterako utzi beharko ditugu"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Trenak harrapatuta 17 urteko emakume bat hil berritan, herria "nahigabetuta" dagoela aitortu du Juanra Urkijok. Gogorarazi duenez, 34 trenbide pasagune daude Bizkaiko udalerrian, horietatik asko, hirigunean.
-
Ertzaintzaren patruila bat, Zallako trenbide pasagune baten ondoan. Argazkia: EITB Media
Herria, "atsekabetuta", familia "apurtuta", eta lagun gazteak "lur jota", horrela deskribatu du Juanra Urkijo Zallako (Bizkaia) alkateak udalerriaren egoera, trenak harrapatuta 17 urteko emakume bat hil eta biharamunean.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean nabarmendu duenez, "gaur familiarekin egongo gara, aldarrikapenak beste egun baterako utzi beharko ditugu". Hain justu, Udalak Bozeramaileen Batzordea bildu du goizean, harrapaketaren harira agiria adosteko.
Alkateak aitortu du udalerria zeharkatzen duten 34 trenbide pasaguneak Zallako "arazo handienetakoa" direla, eta ADIFekin eta Renferekin "lehenbailehen" konponbidea emateko lanean ari direla. Gogorarazi duenez, pasagune asko hirigunetik bertatik igarotzen dira: "Oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorria oso handia. Arangurenen bakarrik bederatzi ditugu, eta Zallan, beste hainbat".
Ezbeharra atzo jazo zen, 15:50an. Ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, trenak adingabe bat harrapatu zuen Marista Anaiak etorbideko pasagunean. Lekukoen arabera, emakumea musika entzuten zihoan, eta ez zen ohartu trena zetorrela.