Gizartea
Tren istripua Zallan
Trenak harrapatuta hil den neskaren familiari eta lagunei "doluminik zintzoena" helarazi die Zallako Udalak
E. G | EITB MEDIA
Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du, ezbeharraren biharamunean. Diotenez, "bizia kentzen duen istripu oro tragedia bat da, baina bereziki da zorigaitza bizi hori gaztea denean".
Trenak harrapatuta hil den 17 urteko emakumearen senitartekoei eta lagunei "doluminik zintzoena" helarazi die gaur Zallako Udaleko (Bizkaia) Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartutako adierazpen instituzional batean.
Adostutako testuan jasotzen dutenez, herria "atsekabetuta" dago. Udalaren arabera, "bizia kentzen duen istripu oro tragedia bat da, baina bereziki da zorigaitza bizi hori gaztea denean".
Hala, "egun triste honetan" familiak behar duen horretan laguntzeko prest azaldu Udala.
Trenbide pasaguneen inguruko kezka ez da berria Zallan, baina atzoko ezbeharrak lehendik ere herrian bazegoen egonezina hauspotu du. Zallako biztanleen aspaldiko eskaera da trenbide pasaguneak kentzea, eta mobilizazioak ere egin izan dituzte segurtasun falta salatzeko. Testuinguru horretan,
Atzo 15:50ean gertatu zen ezbeharra Marista Anaiak etorbideko trenbide pasagunean, Zallako geltokitik gertu. Lekukoen arabera, adingabea musika entzuten zihoan, eta ez zen ohartu trena zetorrela.
2017ko estatuko aurrekontuetan Espainiako Gobernuak eta EAJk adostu zuten Zallako eta Bizkaiko beste herri batzuetako hainbat trenbide-pasagune kentzeko konpromisoa, baina bost urte geroago ez da horrelakorik gauzatu.