Gizartea
Soziolinguistika klusterra
Olatz Altuna: "Euskararen erabilera egonkor dago, baina hizkuntzak egoera zaurgarrian jarraitzen du"
Eriz Lotina | EiTB Media
Ikerketako zuzendariaren esanetan, euskararen kale erabilerak aurreko hamarkadetan izandako beherakada eten da azken bost urteetan. Hala ere, Euskal Herriko kaleetan, "euskaraz ari da zortzi lagunetatik bat", ohartarazi duenez.
-
Olatz Altuna, erdian, ikerketaren aurkezpenean. Argazkia: EITB Media
Olatz Altuna Zumeta Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile eta hizkuntzen erabileraren kale neurketako zuzendariak ziurtatu duenez, "euskararen erabilera egonkor dago, baina hizkuntzak egoera zaurgarrian jarraitzen du".
Euskara biziberritzeko ikerguneak Euskal Herriko 2021eko hizkuntzen erabileraren kale-neurketaren emaitzen berri eman du. 1989tik egiten den ikerketaren zortzigarren edizioa da. Euskal Herri osoan 336 neurtzaile profesionalek jardun dute datuak biltzen, eta 145 udalerritan jaso dira datuak.
Ikerketako zuzendariaren esanetan, euskararen kale erabilerak aurreko hamarkadetan izandako beherakada eten da azken bost urteetan. Hala ere, Euskal Herriko kaleetan, "euskaraz ari da zortzi lagunetatik bat", ohartarazi duenez. Altunaren ustez, hori da txostenaren ondorio nagusia: "Euskara hizkuntza minoritarioa da, gutxiengoak darabilena; baina, batez ere, minorizatua edo gutxitua da. Euskara egoera zaurgarrian dago".
Hizkuntza biziberritzeko egitasmo partekatuak ezagutza- eta hausnarketa-sare partekatua behar duela ondorioztatzen du txostenak. Gizarte-bizitzaren esparru orotan euskararen erabilera erosorako aukera bermatzeko, euskaraz inongo eragozpen eta zailtasunik gabe egin ahal izateko, hizkuntza-biziberritze prozesua indartu eta zabaldu behar dela uste du.
Ikerketako zuzendariaren arabera, erabilerarako baldintza erosoak bermatzeko bide horretan, "euskararen ezagutza unibertsalizatzeak" tarteko helburu gisa joka dezake, besteak beste. Euskaraldia eta Korrika bezalako elementu dinamizatzaileen garrantzia nabarmendu du adituak, baita helduen euskalduntzea ere.
Bestalde, Altunak euskara eremu ez formalera eramateko beharra azpimarratu du, esaterako, aisialdira.
Altunaren hitzetan, txostenak "balio handia" du, "ikuspegi zabal" bat ematen duelako, baina ikerketa "deskriptiboa" dela argi utzi nahi izan du.