Gizartea
ELKARRIZKETA
Galarraga: "Zoonosiei aurre egiteko txertorik onena ingurumena zaintzea da"
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Animalia jatorria duten birusei "ateak zabal-zabalik uzten ari da gizakia", batetik bestera kontrolik gabe mugi daitezen. Ana Galarraga zientzia-adituaren iritziz, zenbat eta biodibertsitate galera handiagoa, orduan eta zoonosi kasu gehiago izateko aukera.
-
Ana Galarraga Elhuyarreko dibulgatzailea, artxiboko irudi batean.
Covid-19ak lehen lerrora ekarri zuen gaia. Orain, tximino-baztangaren nondik norakoak ari gara ezagutzen, baina zoonosiak — animalietatik gizakietara pasatzen diren gaitzak — ez dira berriak. Gizakiak pairatzen dituen gaixotasunen % 70 animalia-jatorrikoak dira. 1,7 milioi birus baino gehiago daude animalietan, eta horietako askok urteak daramatzate gizakien artean. Transmisiorako bideak asko dira, geroz eta gehiago, birus zein bakterioei batetik bestera mugitzeko bideak etengabe zabaltzen ari baitzaie gizakia. Ingurumena suntsitzeak berekin dakar zoonosiak geroz eta errazago hedatzea.
Patogeno zoonotikoak birusak, bakterioak edo parasitoak izan daitezke, kutsatutako animaliekin kontaktu zuzena izateagatik, edo elikagaien edo ingurumenaren bidez gizakien artean zabaltzen direnak. Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) Elhuyar Fundazioko zientzia-aditua albaitaria da ikasketaz, eta gertutik jarraitu izan ditu munduko zoonosi kasuak. Ingurugiroaren, animalien eta pertsonen osasuna aldi berean zaindu behar direla argi du. "Osasun bakarra" edo One Health deritzon teoria jarri du erdigunean zientzialari zarauztarrak. Etorriko bada, hortik etorriko da zoonosiek eragindako izurri eta pandemien prebentziorako itxaropena.
· Mundu osoko adituek urteak daramatzate zoonosien prebentziorako neurriak eskatzen, baina alarmak orain ari dira pizten. Zer ari da gertatzen?
Oso sinplea da gertatzen ari dena ulertzea. Geroz eta arrisku handiagoa dago animalien birusak eta bakterioak guregana iristeko. Animalien eta gure arteko babes-hesiak txikitzen ari gara. Faktore asko daude atzean, baina bat da nagusia: ingurumenaren suntsipena, eta horrek eragindako berotegi-efektua. Adibide bat jarriko dut: eltxo mota jakin batzuk orain errazago mugitzen dira toki batetik bestera. Zika, Niloko sukarra eta beste birus batzuen transmisoreak dira. Lehen iristen ez ziren lekuetara iristen dira berotegi-efektuarekin. Hortaz, gaitzak leku gehiagotan zabaltzen ari dira.
Lurraren erabilera ere etengabe aldatzen ari gara, eta horrek eragin zuzen-zuzena du zoonosien transmisioan. Nekazaritzarako edo ekoizpenerako lurrak behar direnean, eremu naturalak suntsitzen dira, eta eremu horietan bizi diren animaliak babes gabe geratzen dira, estresatuta eta egoera oso txarrean. Askoz errazagoa da animalia horiek gaixotzea, eta guk ez dugu lehen geneukan babes-hesi hori, dibertsitate hori. Beraz, birusak ateak zabal-zabalik ditu animalietatik gizakietara iristeko.
· Globalizazioak berekin ekarri duen mugikortasunak ere izango du eraginik.
Dudarik gabe. Dena lotuta dago. Globalizazioarekin, arriskuak esponentzialki areagotu dira. Esan bezala, birusei batetik bestera mugitzeko bideak errazten ari gara etengabe. Gizakia etenik gabe ari da mugitzen, herrialde batetik bestera egunero milioika joan-etorri egiten dira. Zer gertatu da tximino-baztangarekin? Gaitz endemikoa da aspalditik Afrikan, ez da gaixotasun ezezagun bat. Kongo inguruan ezaguna da, baina orain guganaino iritsi da, eta orain piztu da alarma. Mugikortasunak eragindako hedatzea da, argi eta garbi.
· Eta horrekin lotuta, elikadurarako bilatu diren ekoizpen-sistema azkarrek are kalteberagoa egin dute gizakia?
Sortu dugun elikadura-ekoizpen ereduaren ondorio zuzena ere bada, nola ez, zoonosien hedatze hau. Asko gara, asko mugitzen gara, eta elikatzeko sistema azkarrak sortu ditugu. Makrohaztegiak sortu ditugu, eta horietan abereen osasun-baldintzak ez dira onak. Elikadurarako hazten ari garen animaliak errazago gaixotzen dira, haztegietan transmisioa errazagoa da, eta mutazioek ez dute etenik. Horixe da errealitatea. Etenik ez duen katea da. Aukerak eman eta eman ari gara birusei gizakietara salto egiteko.
Gai honetaz gehien dakiten adituak aspalditik ari dira esaten zein den zoonosiei aurre egiteko bide bakarra: "One Health" izenarekin bataiatu duten estrategia. Ingurumenaren, animalien eta pertsonen osasuna aldi berean zaintzean datzan estrategia. Hirurak hartu behar dira kontuan zaintza-ereduak diseinatzerakoan. Prebentzioan jarri behar da indarra. Animaliak osasuntsu egotea da guretzat babesik onena. Hau da, zoonosiei aurre egiteko txertorik onena ingurumena zaintzea da. Baina zer gertatzen da? Prebentzioan inbertitzen dena ez da ikusten, ondorioak pairatzen hasten garenean ohartzen gara.
· Covid-19aren pandemiak utzitako ondorioetako bat munduko leku askotan basanimalien salerosketa arautzea da, zoonosi kasu askoren iturri izan baita.
Basanimalien salerosketak ere eragin zuzena du. Ezkutuko merkatua da, legez kanpoko salerosketak dira, eta inolako kontrolik gabe egiten dira. Afrika eta Asiako herrialde askotan ohikoa, diru asko mugitzen duena, eta horrek arrisku ikaragarria sortzen du.
· Biodibertsitatearen galera puntu honetara iritsita, atzera-bueltarik gabeko egoera batean gaudela esaten ari dira aditu asko. Transmisioa etetea ezinezkoa bada, kontrolpean izatean egon liteke gakoa.
Gainerako esparru guztietan bezala, ikerketan dago gakoa. Gaitzei buruz zenbat eta gehiago jakin, errazago egingo diegu aurre. Inbertsioa behar da, prebentzioan indarra jartzeko. Gizakietara iristen denean sortzen da kezka, eta hor jada berandu da. Mundu osoan ezagutza handiko albaitariak ditugu, eta ikaragarrizko lana egiten ari dira zoonosiei aurre egiteko. Baina horretara bideratutako politika eraginkorrak behar dira. Covidarekin, argi eta garbi ikusi da.