Itxi

Gizartea

BIZKAIA

Bi bizipista berrik Erletxeta eta Larrabetzu eta Erletxeta eta Boroa lotuko dituzte 2025ean

EITB MEDIA

Bi bizipistak (hiriarteko bizikleta-bidea) elkarren artean lotuta egongo dira eta guztira 7,9 kilometroko luzera izango dute. Bizkaiko Foru Aldundiak 20,6 milioi euroko inbertsioa egingo du. Halaber, jarraipena emango diote Zornotza eta Iurreta lotuko dituenari.

  • Erletxeta eta Larrabetzu arteko bizipista izango dena

    Erletxeta eta Larrabetzu arteko bizipista izango dena. Irudia: Bizkaiko Foru Aldundia

Bi bizipista (hiri arteko bizikleta bideak) berrik Erletxeta (Galdakao) eta Larrabetzu eta Erletxeta eta Boroa (Zornotza) lotuko dituzte. Bi bideak elkarren artean lotuta egongo dira, guztira 7,9 kilometroko ibilbidea osatuz. Bizkaiko Foru Aldundiak 20,6 milioi euroko inbertsioa egingo du. Lanak 2024an hasiko dituzte, eta urtebete inguru iraungo dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak bi bizipista berri horien proiektuak onartu ditu. Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak astelehen honetan azaldu duenez, bide berri horiek jarraipena emango diote Zornotza eta Iurreta lotuko dituenari.

Azken hori egiteko lanak joan den abenduan hasi zituzten eta 2023ko martxoan amaitzea aurreikusten da. Foru Aldundiak 12,7 milioiko inbertsioa egingo du 7,5
kilometroko luzera duen zatia egiteko.

Pradalesen arabera, Durangaldeko eta Txorierriko bizikleta azpiegitura berri horiekin, Aldundiak mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzen du, herritarrei bizikletaren erabilera erraztuz ibilbide laburreko eguneroko joan-etorrietarako.

Boroa-Erletxeta

Boroa eta Erletxeta arteko zatia 4,5 kilometro luze izango da. A-8 autobidea erreferentzia gisa hartuta, Boroako industrialdearen eta Erletxetakoa lotuko ditu. Tarte hau egiteko 11,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Aldundiak, eta 15 hilabete beharko dira lanak amaitzeko.

Erletxeta-Larrabetzu

Erletxeta eta Larrabetzu arteko zatiak 3,4 kilometroko luzera izango du. Ibilbideak BI-30 errepidea (Txorierriko korridorea) hartuko du ardatz moduan Erletxetako poligonoa eta Larrabetzukoa konektatzeko. 9 milioi euro inbertituko ditu Foru Aldundiak eta 15 hilabete beharko dira lanak amaitzeko.