Gizartea
Errefuxiatuak
Munduan 100 milioitik gora dira dagoeneko euren etxea halabeharrez utzi behar izan duten pertsonak
Agentziak | EITB Media
Errefuxiatuentzako NBEren Agentziaren (ACNUR) datuek atzerrian errefuxiatu eta asiloa eskatuta dutenak biltzen dituzte, baita beren herrialdeen barruan desplazatuta dauden 53,2 milioi lagunak ere. ACNUR-en arabera, "inoiz hautsi behar ez zen marka da".
-
Ama-alaba ukrainiarrak, Eskolavakiara ihes eginda. EFE
Datuak daudenetik lehen aldiz 100 milioien langa gainditu du gatazka armatuaren, indarkeriaren, Giza Eskubideen aurkako erasoen edo edozein motatako jazarpenaren ondorioz euren etxea utzi behar izan dutenen kopuruak. Zifra "harrigarria" da Filippo Grandi Errefuxiatuentzako NBEren Agentziako (ACNUR) buruaren hitzetan, eta berehalako "ekintzarako deia" izan behar luke.
Datuek atzerrian errefuxiatu eta asiloa eskatuta dutenak biltzen dituzte, baita beren herrialdeen barruan desplazatuta dauden 53,2 milioi lagunak ere, Barne Desplazamenduak Gainbegiratzeko Zentroak (IDMC) berriki egindako txosten baten arabera.
Goi-komisarioaren hitzetan, ehun milioi desplazatu horiek "ekintzarako deia izan behar dute, gatazka suntsitzaile horiek konpondu eta saihesteko, jazarpenarekin amaitzeko eta errugabeak etxetik ihes egitera behartzen dituzten arrazoiei sustraitik aurre egiteko".
"Joera horri buelta emateko", Grandik uste du "erantzun bakarra bakea eta egonkortasuna direla, errugabeek ez dezaten aukeratu beharrik izan etxean gelditzearen arriskuaren ala atzerria ihes egin beharraren artean".
ACNUR agentziaren datuen arabera, 2021eko amaieran 90 milioi ziren munduan indarrez desplazatutako pertsonak, zifra errekorra, besteak beste, Etiopian, Burkina Fason, Birmanian, Nigerian, Afganistanen edo Kongoko Errepublika Demokratikoan piztu eta gogortutako indarkeria eta gatazken ondoriozkoa.
Hilabete batzuk geroago, kopuru horri gehitu behar zaizkio orain Errusiaren inbasioaren ondorioz euren etxea utzi behar izan dute 14 milioi ukrainarrak, biztanleria nazionalaren laurdena baino gehiago. Ukrainar horietatik zortzi milioi barne desplazatuak dira eta sei milioi baino gehiago beste herrialde batzuetan errefuxiatuak, ACNURen eta Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM) datuen arabera.
Grandiren arabera, neurri berean "kezkatzera eta ikastera" bultzatu beharko gintuzkeen egoera da eta "inoiz hautsi behar ez zen marka".