Gizartea
TXIMINO BAZTANGA
Fernando Simon, tximino baztangari buruz: "Ez da asko hedatzen den gaitza, baina zuhurtzia izan behar dugu"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak dio egoerak ez duela zerikusirik koronabirusaren pandemiaren hasierarekin; hasteko, 1977ra arte jaiotako guztiak baztangaren aurka txertatuta daudelako.
-
Fernando Simon, Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria. Argazkia: EFE
Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Espainiako Zentroko zuzendariak adierazi duenez, tximino baztanga "ez da gizakien artean transmisio handia duen gaixotasunetako bat", baina "zuhurrak izan behar dugu", eta denbora eman behar da dagozkion ikerketak egiteko eta "arriskua behar bezala baloratzeko".
Simon doktoreak tximino baztangaren jatorria azaldu du: "Jatorri afrikarreko arazoa da, ez Afrika osokoa, zonalde zehatz batzuetakoa baizik, eta Europan, batez ere, inportatutako kasuak eta tokiko transmisio txikiren bat izan da herrialderen batean. Zehazki, Erresuma Batuan inportatutako kasu batzuk izan ditu azkenaldian, eta, inportazio horietatik abiatuta, gizakietan uste baino transmisio zabalagoa izan dela dirudi".
"Ez dakigu zenbat zabaldu den, hedapena ez baita kasu kopuruaren arabera bakarrik baloratzen. Kasu kopurua garrantzitsua da, Afrikatik kanpo inoiz izan diren baino gehiago baitadude, 90 bat, baina ez da gauza bera kasu guztiek transmisio-puntu bakarra izatea edo transmisio-kateak bat baino gehiago izatea. Hori guztia ez dakigu, ikertzen ari dira, eta ikerketak behar bezala egiteko eta arriskua baloratzeko denbora tartea eman behar da ".
1977a baino lehen jaiotakoek baztangaren aurkako txertoa jarrita daukate
Tximino baztanga ezaugarri bereziak dituen gaixotasuna da, Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak adierazi duenez. "1977 urtea baino lehen jaio ziren pertsona guztiek oso litekeena da baztangaren txertoa jaso izana eta txerto horrek nahiko ondo babesten du tximino baztangatik". Hala ere, "oraindik ez dugu informazio nahikorik gertatzen ari denaz" ohartarazi du, eta horregatik, zuhurtzia eskatu du: "Zuhurrak izan behar dugu, egun batzuetan erabat aldatu daitekeen arrisku-sentsaziorik ez emateko".
Simonek azaldu duenez, "beti aritu behar gara zuhurtziaz, baina oraintxe ez dirudi larritasun handiegiko egoera dagoenik". Gaixotasun hau "arnas isuri luze eta oso hurbilekin kontaktuan egoteagatik transmititzen da, edo gaixoaldian sortzen diren pustulen jariakinekin kontaktuan egoteagatik" azaldu du. Gaineratu duenez, gaixotasuna "ez da, oro har, larrienetakoa".