Gizartea
Erreportajea
Errepide adimendunak, etorkizuneko errealitatea gero eta gertuago Bizkaian
Iker Gonzalez | eitb media
Aldundia eta Tecnalia Bizkaia Connected Corridor (BCC) garatzen ari dira, mugikortasun kooperatiboaren eta azpiegitura adimendunen plataforma. Zer den eta nola funtzionatzen duen azalduko dugu erreportaje honetan.
-
Kukularrako zubiaren irudia 3Dtan, TESCOR plataforman. Irudia: Bizkaiko Foru Aldundia/Ingecid
Mugikortasunaren etorkizuna orainaldia da Bizkaian. Edo, behintzat, orainaldia etorkizunerako bidean dago; etorkizun digitala, sentsorizatua eta, nola ez, on-line izango dena. Bizkaia aitzindaria da esparru horretan, duela bi urte egin baitzuen Bizkaiko Bide Azpiegituretako Berrikuntza Plana, eta dagoeneko lehen emaitzak ikus daitezke.
Errepide adimendunak, digitalak eta ibilgailuekin konektatutakoak, imajinatzen ditugunean, etorkizuneko gizarte batean pentsatu ohi dugu, euren kabuz mugitzen diren autoekin, neoneko argien artean. Errealitatea oso bestelakoa da. Orduan, baina, zer dira ba errepide adimendunak?
Bizkaia Connected Corridor (BCC), Bizkaian errepide adimendunak garatzeko plataforma, korridore adimendun handi bat da, trafikoa eta, orokorrean, mugikortasuna kudeatzeko. BCCren barruan bi adar nagusi daude garatzeko: mugikortasun kooperatiboa (C-ITS) eta azpiegitura adimendunak.
Lehen adarraren zeregin nagusia da ibilgailuak errepideekin eta Trafikoarekin, trafikoaren kontrol zentroarekin, komunikatzea eta, azken hori, era berean, ibilgailuekin komunikatzea. Bigarren adar horren helburua, aldiz, gakoak diren azpiegituretan sentsore "adimendunak" instalatzea da. Zertarako? Errepide sareko atal nagusi horien egoera denbora errealean monitorizatzeko eta, horrela, balizko arazoei aurrea hartzeko.
BCC proiektua bere osotasunean garatzeko elkarlanerako akordioa sinatu dute Aldundiak eta Tecnaliak, aurretik aipatutako berrikuntza planean oinarrituta. Hain zuzen ere, duela aste gutxi saria jaso du planak aitzindaria izatearren.
Mugikortasun kooperatiboa
Ermua eta Muskiz lotzen dituen AP-8 eta A-8ko tarte hori izango da Bizkaian erabat operatibo izango den lehen errepide adimenduna. Tecnaliak hainbat baliza instalatu ditu dagoeneko 57 kilometro dituen tarte horretan, eta aste batzuk barru egongo dira martxan aurreikusita dauden 25ak.
Errepidean gailuak jartzeaz gain, "ibilgailuek On Board Unit (OBU) gailua izango dute. Ibilgailuen mugimendu guztiak neurtzen ditu, eta ibilgailua bera sentsore bihurtzen du", Abel Capelastegui Tecnaliako Proiektuen Bulegoko buruak (Lab Services) azaldu duenez.
Gailu horiek dira, hain justu, errepideetan dauden ibilgailuen eta trafikoaren kontrol zentroaren arteko zubi-lanak egin dituztenak. Alde batetik, Trafikoan auto baten informazioa jasoko dute, adibidez, intzidentziaren bat gertatzen denean: errepide bustia, errei bat itxita lanengatik, istripuak… Beste alde batetik, une horretan, Trafikoak denbora errealean kudeatuko du jasotako informazioa, eta abisua pasatuko die arazo edo oztopo horrekin topo egingo duten ibilgailuei. Horrela, ibilgailu horren gidariak mezua jasoko du, bere ibilbidean arazorik ote dagoen modu aktiboan bilatzeko beharra izan barik.
Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak beste adibide bat jarri du: "Pentsa dezagun Bizkaiko errepide batean laino dagoela; hortik pasatzen den lehen gidariak topatuko du. Informazio hori kontrol zentrora heltzen bada, abisua eman diezaiekegu gero errepide horretatik igaroko diren ibilgailuei; horretan teknologiak lagunduko digu".
Alabaina, hori posible izateko, "azpiegitura sentsorizatu egin behar dugu, auto horrekin komunikatzea ahalbidetuko diguten teknologiak txertatu behar ditugu; ondoren, informazioa burmuin handi batek, alegia, gure kontrol zentroak, jasotzea lortu behar dugu, eta, azkenik, zentroak datuak deskodifikatu eta arazo horrekin topo egin dezaketen erabiltzaileei bidali", azaldu du Pradalesek.
Mugikortasun kooperatiboa. Irudia: Tecnalia/EITB MEDIA
Tecnaliak sei OBU jaso ditu dagoeneko, eta Tecnaliaren, BFAren eta errepideak mantentzeko taldeen ibilgailuetan jartzekoak dira. Momentuz, edozein ibilgailutan jar daitezkeen gailuak dira, baina autogintzako enpresa handi batzuek modelo berrietan aurreinstalatzen ari dira dagoeneko, azpiegiturekin komunikatu ahal izateko.
Une honetan, mugikortasun kooperatiboa gauzatzeko lanak tarte batean bildu dituzte, autobidean, "baina Bizkaian dauzkagun goi mailako azpiegitura guztietan instalatu nahi genuke, hau da, Txorierrin, Cadagua ibaiaren ibarrean, Mungialdean eta abar", Pradalesen esanetan. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak harremanak hasi ditu dagoeneko Gipuzkoako Aldundiarekin korridoreak jarraipena izan dezan, mugaraino.
Azpiegitura adimendunak
BCC eta etorkizuneko mugikortasunaren beste adar nagusia azpiegiturak dira. Hau da, hain zuzen ere, aurreratuen dagoen garapen adarra, baita praktikoena eta erabilgarriena gaur-gaurkoz, Bizkaian. Lehen urratsean, gauzatzear dagoena, lau azpiegitura nagusi sentsoreekin hornituta egongo dira, bi berezitasunekin: lehenik eta behin, "haririk gabekoak" direla eta, bigarrenik, jasotzen duten informazio guztia 3Dn sortutako irudi batean ikusgai dagoela. Irudi horretan, azpiegituraren egoera azaltzen da, denbora errealean eta erakundearen, enpresen… eskura, hainbat eta hainbat daturekin.
Lau azpiegitura nagusi horiek, edo "biki digitalak", hauek dira: Arraizko tunela (Hegoaldeko Saihesbidean), Cadaguako korridorearen ezponda, Kukularrako zubia eta AP-8aren tarte bat Euba parean (Zornotza).
Azpiegitura adimendunak. Irudia: Tecnalia/EITB MEDIA
Arraizko tunela
Tunel berezia da, Capelasteguiren hitzetan: "Tunelak leize bat dauka, egitura gangatu handia, ohiko tunel bat baino askoz handiagoa. Leize horretako alde batetik bi bide sortzen dira: horietako batek saihesbidetik jarraitzen du eta bestea irteerako abiadura moteltzeko erreia da".
"Estentsimetroak jarri ditugu, tuneletako hormetan jartzen diren sentsoreak. Baina tarte hori ibilgailu autonomoekin frogak egiteko gune gisa ere erabili nahi dugu, egitura oso berezia delako; ez dago hori bezalako azpiegitura asko", azaldu du Tecnaliako adituak.
Cadaguako korridoreko ezponda
Ezpondan "jariatze-ura, mendi hegaletako mugimenduak… neurtzeko sentsore espezifikoak dira, lurrean mugimendu txikiren bat balego, alarmak pizteko", Capelasteguiren hitzetan.
Kukularrako zubia
Azpiegitura honetan azelerometro triaxialak instalatu dira, alegia, bibrazioak neurtzeko gailuak. Capalasteguiren hitzetan, egitura horretako bibrazioaren arabera, jakin daiteke ohiko edo ezohiko moduan mugitzen ari ote den. "Datu horiek guztiak makinek, edo gure taldeek, aztertu eta zubiaren egoerari buruzko ondorioak ateratzen dira".
AP-8ko tartea Euban (Zornotza)
Errepide tarte horretan, asfaltoaren tenperatura eta hezetasuna, saturazioa, irristakortasun maila… neurtzeko azken sentsoreak jartzen ari dira. Gainera, zoruan zuntz optikoa jartzeko proiektua dago, ibilgailuak sailkatzeko pisatze dinamikoa egin ahal izateko…
Sentsoreak aurretik zeuden, kasu batzuetan; berritasuna horiekin batera jarri den teknologiak ekarri du. Teknologia hori gero eta oihartzun handiagoa duten bi izenekin garatzen da: IoT (Internet of Things) eta BIM teknologia.
Azpiegitura adimendunen funtzionamendua, eskematikoki. Irudia: EITB MEDIA
IoT teknologiari esker, sentsoreak berezko komunikazio sistema dauka, hots, instalatzeko prozesua erraztu egiten da, eta askoz ere kable gutxiago behar da, gehienbat, sentsorea eta datuen hartzailea lotu ohi duen kableari dagokionez. Orain askoz errazagoa da, merkeagoa, eta ez du eragozpenik sortzen errepidearen erabileran.
Gainera, BIM teknologia Bizkaiko errepide sarean da dagoeneko. Teknologia hori bereziki etxegintzan erabiltzen ari den paradigma berria da; horren bidez, lanaren eta diseinuaren irudi tridimentsionala lor daiteke, exekutatzeko orduan eta diseinua garatzeko unean. Baina, gure kasuan aplikatuta, azpiegituraren 3Dko irudia lor daiteke, sentsore horiek guztiek jasotzen dituzten datuekin etengabe eguneratuta. TESCOR Tecnaliak garatutako plataforman, "hizkuntza" hori ulertzen duen modulua garatu dute, eta lau azpiegitura horien irudiak ikus daitezke.
Lehen fase honetan, lau biki digitalak martxan daude ia % 100ean, baina, Pradales diputatuak azaldu duenez, helburua sare guztia digitalizatzea da. Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua (Getxo eta Portugalete artekoa) horren adibide da; izan ere, "modelo digitalean ari gara lanean, lanak eurak hasi baino lehen".
"Zergatik? Dirua alperrik ez galtzea ahalbidetzen duen kudeaketa tresna bat delako. Iraultza berri bat dator errepideak kudeatzeko moduan, horregatik egin dugu kontzeptu honen aldeko apustua", erantsi du Pradalesek.
Kontzeptu, apustu eta iraultza honek Bizkaiko etorkizuneko mugikortasuna orainaldiko errealitate bihurtuko du, epe laburrean. Datuak etengabe bidali eta jasoko dituzten gailuak eramateak sortuko dituen zalantzak gorabehera, egin beharko diren inbertsioak gorabehera, mugikortasun kooperatiboa errepide adimendunetan orainaldiko atea jotzen ari den etorkizuna da jada.