Gizartea
abortuaren legea
Alokairuko sabelak "zigortzen" dituen atala abortuaren legetik kentzeko eskatu dute
agentziak | eitb media
Gure Umeen Ametsak elkarte bizkaitarrak atal hori lege erreforma proiektu berritik ateratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Izan ere, salatu duenez, praktika horretara jo duten familiak "kriminalizatu eta estigmatizatu" egiten ditu.
-
Elkarteak "bermeak" emango dituen arauketa eskatu dio Espainiako Gobernuari. Argazkia: EITB Media
Gure Umeen Ametsak Bizkaiko alokairuko sabelen aldeko familien elkarteak praktika hori (Espainian baimenduta ez dagoena) "zigortzen" duen atala abortuaren lege erreformarako zirriborrotik kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Elkarteak ohar batean kritikatu duenez, zirriborroaren edukiaren arabera, "familiei beste herrialdeetara jotzeko aukera galaraztea" da asmoa, "non guraso bilakatzeko praktika araututa dagoen".
Bizkaiko elkarteak praktika horretaz baliatu diren familiak "kriminalizatu eta estigmatizatu" nahi izana egotzi dio Gobernuari, eta "gizartea desinformatzea".
Baietsi duenez, "beste herrialdeetan haurdunaldi subrogatura jo dugun familiek ez dugu deliturik egin".
"Askatasunez, informatuta eta borondatez lagundu diguten emakumeen eskubideak arautu eta babesten dituzten atzerriko legeriak bete ditugu", nabarmendu du.
"Bermeak" eskainiko dituen arauketa garatzeko eskatu dio elkarteak Gobernuari, eta Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoen babesa eskatu du, Euskadin ezarrita daudenena bereziki.