Itxi

Gizartea

BIZI OHITURAK

Ahabiak maiz jateak zahartzaroan dementzia izateko arriskua gutxitzen du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ikerketa baten arabera, fruta honek onurak eragin diezazkieke Alzheimerra eta dementzia garatzeko arriskua duten 50 urtetik gorako herritarrei, ohiko dietan sartuz gero.

  • Ahabiak salgai. Argazkia: EITB Media

    Ahabiak salgai. Argazkia: EITB Media

Cincinnatiko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek frogatu dutenez, 50 urtetik gora ahabiak ohiko dietan maiztasuneaz sartuz gero, bizitzako azken aroan dementzia izateko arriskua murriztu egiten da, "Nutrients" aldizkarian kaleratu dutenez.

Robert Krikorian Cincinnatiko Unibertsitako irakasle emeritu eta Psikiatria zein Neurozentzia Departamentuko zuzendariak azaldu duenez, bere taldeak urteak daramatza Alzheimerra eta dementzia jasateko arrisku handiena duten pertsonengan baiek dituzten onurak ikertzen. Ahabiak ez dira beste baia edo fruitutxoengandik oso ezberdinak baina besteek baino antocianina izeneko mikronutriente eta antioxidante maila altuagoa dute. Horregatik dute, hain zuzen ere, kolore urdin-more hori. Antocianinak gehiegizko erradiazioaren aurrean, agente infekziosoen aurrean eta bestelako mehatxuen aurrean babesten du ahabi landarea.

Ahabiei bizirauten laguntzen dieten propietate horiek gizakiei ere onurak sortzen dizkiete Krikorianen taldearen arabera, inflamazioa murriztuz, funtzio metabolikoa hobetuz eta zelulen energia produkzioa areagotuz.

Aurretik egindako ikerketetan adinez oso helduak ziren pertsonei eragiten zien onura aztertu zuten ikertzaileek baina oraingoan, adinez gazteagoak direnetan eragiten dutena aztertu nahi izan dute, arriskua gutxitzeko balio ote dezaketen argitzeko.

50 eta 65 urte arteko pazienteak

"Ahabiekin onura kognitiboak ikusi genituen adineko helduekin egindako aurreko ikerketetan, eta pentsatu genuen eraginkorrak izan zitezkeela intsulinarekiko erresistentzia duten pertsona gazteagoetan. Alzheimerren gaixotasuna, zahartzearen gaixotasun kroniko guztiak bezala, adin ertainean hasten den eta urte asko irauten duen epe batean garatzen baita" azaldu du Krikorianek.

Ikertzaileek 50 eta 65 urte bitarteko 33 paziente aukeratu zituzten. Pertsona horiek gehiegizko pisua zuten, prediabetikoak ziren eta zahartzearekin memoriaren narriadura txiki bat nabaritua zuten. Dementzia berantiarra izateko arrisku handiagoa duen populazio-taldea da hori.

Parte-hartzaileen erdiei katilu-erdi ahabi adina ziren hautsak eman zizkieten 12 astez, eta beste erdiei plazeboa. Ahabi hautsa kontsumitutako taldeak zeregin kognitiboen hobekuntza izan zuen eta intsulina maila baxuagoak izan zituzten baraurik. Funtzio metabolikoa hobetu zuten eta gantzak errazago erretzeko gai izan ziren energia lortzeko, beste aurkikuntza onuragarri batzuen artean.