Itxi

Gizartea

Unibertsoa

Zer da zulo beltz bat?

Agentziak | EiTB Media

Bertatik ezin du ezerk ihes egin, ezta argiak ere. Izar oso masiboek bakarrik osa ditzakete zulo beltz bat. Zulo beltzak tamainarengatik bereizten dira.

  • Zulo beltza. Argazkia: EFE

    Zulo beltza. Argazkia: EFE

Zulo beltza Unibertsoko objektu misteriotsu eta iradokitzaileenetariko bat da. EHT teleskopioak aurreneko irudia zabaldu du. Baina zehazki zer dira, zientzialariak eta zientzialariak ez direnak zergatik liluratzen dituzte, nork hitz egin zuen zulo beltzez lehen aldiz. Roberto Emparan ICREAko (Kataluniako Ikerketa eta Azterketa Aurreratuen Institutua) fisikariak eta ikertzaileak azaldu du.

1. Zer da zulo beltz bat?

Espazioko toki bat da, bertatik ezin du ezerk ihes egin, ezta argiak ere.

2. Zergatik izar guztiak ez dira zulo beltz bihurtzen?

Izar masiboek soilik osa ditzakete zulo beltz bat. Bizitzaren azkenean erregaia agortzen dutenean, modu katastrofikoan eta geldiezinean kolapsatzen dira, eta desagertzean putzu bat sortzen dute espazioan: zulo beltza.

Hain masiboak ez direnean, izarraren materiak kolapsoa gelditu eta hilzorian dagoen izar bat osa dezake, distirarik apenas egiten duelako: nano zuri edo neutroi-izarra.

3. Zenbat mota daude?

Zulo beltzak tamainarengandik bereizten dira. Izarretakoek Eguzkiaren antzeko masa dute, eta dozenaka edo ehunka kilometroko erradioa.

Eguzkiaren masa milioika edo milaka milioika biderkatzen dutenek, galaxietako nukleoen zulo beltz supermasiboak dira.

Erdibideko zulo beltzak izatea ere posible da, baina oraindik ez ditugu aurkitu. Eguzkiaren masa ehunka milaka aldiz biderkatzen dute. Jatorrizko zulo beltzak Unibertsoaren hasieran osatu ziren, oso txikiak izan daitezkeen masekin.

4. Zergatik ezin du ezerk ihes egin zulo beltz batetik?

Bere grabitatearen indarra hain da handia, argiak ere ezin duela bere erakarpenetik ihes egin. Argiak ezin badu ihes egin, orduan ezerk ezin du; gure Unibertsoan azkarren bidaiatzen duena baita.

5. Unibertsoko edozein tokitan aurki daitezke?

Bai. Galaxia gehienek zulo beltz supermasibo bat erdian dutela uste dugu, eta izarretako ehunka milaka zulo beltz.

Lurretik gertuen dagoen zulo beltz ezagunena 3.000 bat argi-urtera dago.

6. Zeintzuk dira zulo beltzak ezagutzeko ekarpenik handiena egin duten zientzialariak?

Albert Einsteinek aurreikusteko teoria azaldu zuen, baina berak sekula ez zituen ulertu, ezta onartu ere.

Karl Schwarzschild Einsteinen ekuazioak ebazten aurrena izan zen, baina ulertzera heldu baino lehen hil zen.

John Wheelerek ezagutarazi zituen, eta fisikaren historian izenik egokiena eman zien, erabat asmatu zuen izenarekin.

Stephen Hawkingek ezaugarriak deskribatu zituen, eta paradoxa bat utzi zigun, zulo beltzak fisika kuantikoarekin elkartzeko saiakeran.