Itxi

Gizartea

Abortatzeko eskubidea

Hauek dira abortuaren legearen zirriborroak aurreikusten dituen berritasunak

Agentziak | Erredakzioa

16 eta 17 urteko emakumeek gurasoen baimenik gabe abortatu ahalko dute. Gainera, hileko mingarriak dituztenek baja eskatu ahalko dute, eta emakumeen higiene produktuek % 0ko BEZa izango dute, betiere zirriborroak aurreikusitakoaren arabera.

01:56
Gainera, hileko mingarriak dituztenek baja eskatu ahalko dute. Bideotik hartutako argazkia.

Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak asteartean onar lezake abortuaren lege berria. Horren ildotik, Berdintasun Ministerioaren iturriek baieztatu dute testua azken fasean dagoela jada, hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren. Izan ere, erreformak beste ministerio batzuen menpe dauden gai asko ere ukituko ditu.

Asteazken honetan, zirriborroak aurreikusten dituen nobedade nagusiak aurreratu dituzte Ser irrati kateak eta EFE agentziak:

- 16 eta 17 urteko emakumeek dagoeneko ez dute gurasoen baimena beharko abortatzeko. PPk onartu zuen baldintza hori 2015ean.

- Emakumeen higiene produktuek eta hilekoarenek jasaten duten % 10eko BEZa kendu egin nahi du, % 0koa izan dadin, baita ikastetxeetan doan banatu ere. Dena dela, Gobernuaren iturriak aipatuta EFEk azaldu duenez, balizko neurri hori ez dute oraindik eztabaidatu Exekutiboaren barruan.

- Ministerioak nahi du haurdun dauden emakumeek baimen ordaindua eta unibertsala izateko eskubidea izatea, haurdunaldiaren 36. astetik aurrera eta erditu arte, amaren osasuna babesteko, haurra jaio ondoren dituzten baimenetatik bereizita.

- Hileko mingarriak dituzten emakumeek baja eskatu ahalko dute, baita kiste, mioma edo endiometriosiengatik normaltasunez lan egin ezin dutenek.

- Beste neurrietako bat zentro publikoetan abortatzeko eskubidea bermatzea da, eta eutanasiaren legea oinarri hartuta, kontzientzia-eragozpena arrazoitzen duten profesionalen erregistro bat sortuko da.

- Haurdunaldi subrogatua emakumeen aurkako indarkeriatzat joko dute, eta, horren ondorioz, atzerrian praktika hori erabiltzen dutenen aurka egin ahalko dute epaileek.