Itxi

Gizartea

koronabirusa

Felix Zubia: "Transmisioa eteteko eraginkorragoak liratekeen txerto berriak espero dira udazkenerako"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Txinan 2019 amaieran sortu zen birusean oinarritu ziren lehen txertoak, eta, geroztik, hainbat aldaera sortu dira. Zubiak azaldu duenez, eraginkorrak izaten jarraitzen dute gaixotasun larria eragozteko baina ez dira jada hain eraginkorrak transmisioari aurre egiteko, eta hori alda dezakete berriek.

  • Felix ZUbia

    Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media

    28:20 min
imagen player
imagen player
imagen player

Koronabirusaren pandemiak ez du oraingoz etenik eta kutsatzeek goraka jarraitzen dute. Zorionez, dena dela, transmisioaren igoera horrek ez du isla handiegirik ZIUetan, eta azken asteotako egoera antzekoa bizi dute gaixo larrienen unitateetan. Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburua "itxaropentsu" agertu da gaur, gainera, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan; izan ere, transmisioa eteteko eraginkorragoak izango diren txerto berriak espero dira udazkenerako.

80 urtetik gorakoetzako 4. dosiaren inguruko erabakia atzeratzea erabaki du, oraingoz, Espainiako Osasun Ministerioak, eta udazkenera itxarotea. Erabakia egokia iruditzen zaio Zubiari: "Erabakia egokia da, batez ere, berritasun bat badelako. Udazkenean txerto berriak izatea espero da. Gogoan badugu, koronabirusa 2019ko bukaera-bukaeran azaldu zen Txinan eta lehen txertoak 2020aren bukaeran agertu ziren, Txinako lehen birus horretan oinarriturik. Bitarte honetan, aldaera dexente izan dira eta, ikusi dugunez, aldaera berriak azaldu ahala, birusaren transmisioa eteteko gaitasuna galdu dute txerto horiek, gaixotasunaren larritasuna eragozteko, ospitaleratzeak eragozteko eta heriotzak eragozteko gaitasunik galdu ez arren. Hala, udazkenerako txerto berriak izatea espero da, erabat berriak eta aldaera berrietara egokitutakoak", azaldu du.

"Transmisoa eteteko gai izango ote diren? Ikusteko dago, borondate hori lukete, baina badakigu, agian, % 100ean ez dutela lortuko, baina oraingoak baino gehiago bai. Hori bai, aldaera berriak sortu ahala, litekeena da transmisioa eteteko gaitasun hori galtzen joatea", hausnartu du medikuak, eta iragarpen bat egitera ere ausartu da: "Oso zaila da aurreikuspenak egitea, baina une honetan gehienok inmunitatea garatu dugu, gaitza pasatzeagatik edo txertoaren bidez, ez gara jada 0tik abiatzen. Beraz, gero eta kasu larri gutxiago izango dira, baina adinekoek eta immunitate arazoak dituztenek txertatzen jarraitu beharko dute, eta osasun langileok ere bai".

Txertoak 80 urtetik gorakoen artean zein immunitate arazoak dituztenen artean eraginkortasuna azkarrago galtzen duela ikusita, etorkizunean, kolektibo horietan, gripearen aurrean erabiltzen den estrategiaren antzekoa erabiliko dela uste du Donostia Ospitaleko ZIUko buruak: "Honek badu antzekotasunik gripearekin. Hau da, gripea pasa duenak badu immunitatea, baina immunitate hori erdizkakoa da, eta aldaera berriak sortzen direnez, badakigu arrisku taldeek gripearen kontrako txertoa hartu beharra daukatela urtean behin. Honekin ikusiko dugu zenbatero, baina badirudi antzeko zerbaitera joango garela". Oraingoz, 6 hilabetean behin jartzen die Osakidetzak dosi berri bat kolektibo horiei.