Gizartea
hezkuntza
Lanbide Heziketan izena emateko epea irekiko da astelehenean Euskadin
agentziak | eitb media
Datorren ikasturtean, 2022-2023 artekoan, Lanbide Heziketako ikasketaren bat hasi nahi duten ikasleek maiatzaren 9tik 27ra egin ahal izango dute matrikulazioa.
-
Lanbide Heziketako ikasle bat, lanean. Artxiboko argazkia: EITB Media
Datorren astelehenean, maiatzak 9, 2022-2023 ikasturterako Lanbide Heziketan eskabideak aurkezteko epea irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan. Maiatzaren 27ra arte izango da zabalik epea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak larunbat honetan azaldu duenez, eskaerak www.euskadi.eus/hezkuntza webgunearen bitartez edo LH zentroetan bertan egiteko aukera izango da.
Epe horiek 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako honako ikasketaren bat ikasten hasteko interesa duten ikasleei zuzenduta daude:
- Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloak
- Erdi-mailako Heziketa Zikloak
- Goi-mailako Heziketa Zikloak
- Espezializazio-kurtsoak (Lanbide Heziketako Erdi-mailako edo Goi-mailako tituluren bat duten ikasleentzat)
Lanbide Heziketak 142 titulu ikasteko aukera eskaintzen du gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan (Oinarrizko, Erdi edo Goi mailetakoak), baita 14 espezializazio-kurtso ere, 183 ikastetxetan.
Amaitzear den ikasturte honetan, 45.000 ikasletik gora ari dira Euskadin Lanbide Heziketako zikloren bat ikasten.
Izena emateko epea amaitu ostean, uztailaren 8an argitaratuko dira onartuen, ez onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak, eta hilabete bereko 12ra arte aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak.
Uztailaren 14an argitaratuko dira behin betiko zerrendak, eta matrikulak hiru fasetan formalizatu beharko dira: lehenengoa uztailaren 15etik 19ra, bigarrena uztailaren 21ean eta hirugarrena uztailaren 26 eta 27 artean.