Gizartea
Bilboko ustezko hilketak
Behin-behineko espetxealdia ezarri dio epaileak Bilboko ustezko hilketekin lotuta atxilotutako gazteari
EiTB Media
Atxilotutako gizonezkoa Bilboko Epaitegiaren esku utzi ostean, behin-behinean kartzelara bidaltzea erabaki du epaileak, EITB Mediak baieztatu duenez. Atxilotuak Erandioko polizia-etxean pasatu du gaua.
Bilboko hainbat gizonen ustezko hilketa eta hilketa saiakerekin lotuta atxilotutako gaztea behin-behinean espetxera bidali du Bilboko epaileak, EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez.
Atxilotuak, 25 urteko gazteak, bere burua entregatu zuen ostegunean Irungo Ertzaintzaren komisarian, bere argazkia eta datuak sare sozialetan ikusi eta gero. Irunen bizi zen etxea miatu zuen ostiralean Ertzaintzak eta gaua Erandioko ertzain-etxean igaro du.
Goizean, Poliziaren izapideak amaitu ondoren, Bilboko 6. Instrukzio Epaitegira eraman dute eta behin-behinean kartzelara bidaltzea erabaki du epaileak
Ertzaintza sei heriotza ikertzen ari da
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo egindako agerraldian baieztatu zuenez, Ertzaintza sei heriotza susmagarri ikertzen ari da Bilboko ustezko hiltzailearen auzian.
Hauek dira Erkorekak baieztatutako datuak:
- Proba toxikologikoan positibo eman duen homizidio kasu bat aztertzen ari da Ertzaintza.
- Horrez gain, beste bi homizidio saiakera ikertzen ari dira.
- Beste ikerketa bat zabaldu dute, Bilbon jazotako eta oraingoz kausa naturaltzat jo dituzten hiru heriotza argitzeko. Proba toxikologikorik ez da egin oraindik.
- Kasu horiek guztiak Bilbokoak dira, baina ez da baztertzen Estatuko beste leku batzuetan ere antzekoak gertatu izana.
Gizarteari "lasaitasun" mezua igorri nahi izan zion Segurtasun sailburuak, eta "zuhurtzia" eskatu zuen. Eginbideak sekretu judizial "zorrotzaren pean" daudela gogorarazi zuen eta zabaltzen den informazioarekin "kontu handiz" ibiltzea eskatu zuen, ikerketa judizialaeta poliziala "ez jartzeko arriskuan".