Gizartea
Ikerketa
Erkorekak eta Bujandak agerraldia egingo dute arratsaldean Bilboko ustezko hiltzaileari buruz informatzeko
I.G. | eitb media
16:30ean, Segurtasun sailburuak eta Ertzaintzako buruak agerraldi bateratua egingo dute, auziari buruz hitz egiteko.
Segurtasun Sailak agerraldia egingo du gaur 16:30ean, Bilboko ustezko hiltzaileari buruz informatzeko, atzo Irungo polizia-etxean bere burua aurkeztu ondoren.
Legebiltzarreko atarian, gaur kontrolerako osoko saioa egiten ari baita, Josu Erkorekak adierazi duenez, "auzia sekretupean dago, eta horrek komunikazioa mugatu egiten du, baina informatu nahiko genuke, informatu ahal denaren inguruan, ikerketa kaltetu gabe".
Segurtasun Sailak mezu baten bidez zehaztu duenez, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua Josu Bujanda Ertzaintzako buruarekin batera agertuko da Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko prentsa-aretoan, Txurdinagan.
Gizona Irungo ertzain-etxean aurkeztu zen arratsaldean bere izen-abizenak eta argazkia publiko egin ostean. Antza denez, ikerketan laguntzeko prest dago.
Epaileak auzia sekretupean jarri du; beraz, ikerketaren inguruko datu ofizial edo xehetasunik ez dute eman. Dirudienez, gazte atxilotuak guztia ukatu du Ertzaintzaren aurrean. Ustezko hiltzaileak 25 urte ditu eta polizia-aurrekariak ditu, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.
Ertzaintzaren ustean, atxilotuak lotura izan lezake hilketa batekin, eta hilketa saiakera batekin. Hori da, hain zuzen, Ertzaintza ikertzen ari dena.
Bilboko ustezko hiltzailearen argazkia