Itxi

Gizartea

LGTB+ KOLEKTIBOA

Euskal LGTBI+ Behatokiak kezka agertu du ustez Bilbon lau gizon hil dituztelako

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ertzaintza 20 eta 30 urte bitarteko gizon baten bila ari da, iazko iraila eta urria bitartean Bilbon hil ziren lau gizonen heriotzarekin zerikusia duelakoan.

  • Eraso homofobo bat salatzeko manifestazioa (artxiboko irudia)

    Eraso homofobo bat salatzeko manifestazioa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Euskal LGTBI+ Behatokiak kezka agertu du Bilbon ustez lau gizon hil dituztelako. Gainera, azken egunetan Santurtzin gizon batek salatutako bortxaketa eta Zornotzan izandako eraso homofoboa ere aipatu ditu.

Kolektiboaren arabera, "icebergaren punta deigarria baino ez dira", eta azken urteetan, 2021ean batez ere, gora egin dute gorroto delituek eta kolektiboaren aurkako erasoek.

Horregatik, lehenbailehen neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diete agintariei, "kolektiboaren oinarrizko eskubideak babesteko eta defendatzeko". Halaber, gertakari horiek ikertzeko giza baliabide eta material guztiak erabiltzea galdegin dute.

Ertzaintza 20 eta 30 urte bitarteko gizon baten bila ari da, iazko iraila eta urria bitartean Bilbon hil ziren lau gizonen heriotzarekin zerikusia duelakoan. 

Horrez gain, Bilbon izandako beste heriotza susmagarri batzuk ikertzen ari da Ertzaintza.

Lau gizonen heriotzaz gain, azken egunetan izandako erasoak ere salatu ditu; izan ere, Santurtziko jaietan bortxatu zutela salatu du gizon batek eta igande goizaldean Zornotzan beste gizon bati eraso egin zioten.