Gizartea
Nafarroa
Merkantzia-tren bat errailetatik irten da Iruñean, eta zirkulazioa lau orduz eten behar izan dute
EiTB Media
Trena Volkswagen lantegira bidean zihoan, ibilgailuak kargatzeko asmoz, eta, ezustean, errailetik atera da. Ezbeharrean ez da inor zauritu eta tren zerbitzua 17:10 inguruan jarri dute martxan berriro.
-
Bi garabi, tren-makina eta bagoiak kentzen. Irudia: EiTB Media
Merkantzia-tren bat errailetatik atera da asteazken honetan Volkswagen lantegiaren parean, eta ondorioz, Iruñea eta Noain (Iruñea-Castejon) tarteko tren zirkulazioa lau orduz eten behar izan dute, Adifek Twitter sare sozialean jakitera eman duenez.
Ezbeharrean ez da inor zauritu, eta trenean zihoazen bidaiariak eramateko garraio plan alternatibo bat jarri dute martxan.
Trena Volkswagen Navarra lantegira sartzen ari zen errailetik atera denean, konpainiak jakitera eman duenez. Ezbeharra 12:30 aldera gertatu da, trena trenbide publikotik atera eta, ibilgailuak kargatzeko, fabrikako instalazioetara sartzen ari zenean.
Konboiko makina eta bi bagoi errailetik atera eta lantegiko instalazio barruan geratu dira. Trenaren % 75 inguru, aldiz, trenbide publikoan geratu da, ez atzera, ez aurrera; ondorioz, zirkulazioa eten behar izan dute. Zerbitzua 17:10 inguruan bueltatu da normaltasunera.
Tren-gidaria onik atera da, eta ibilgailuek ez dute kalterik jasan; izan ere, trena kargatzera zihoan, eta bagoiak hutsik ziren.