Gizartea
BIZKAIA
Bilbo eta Getxo Itsasadarraren paretik lotuko dituen bulebarraren proiektua aurkeztu du Aldundiak
Iker Gonzalez | eitb media
Bidegorri batez eta oinezkoentzako pasabide batez osatuta egongo da Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo lotuko dituen ibilbidea. Lanak datorren urtean hasiko dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak hiriburua eta kosta bizkaitarra lotuko dituen bulebarraren proiektua aurkeztu du. Bidegorri batez eta oinezkoentzako pasabide batez osatuta egongo da bulebarra.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak egindako prentsaurreko batean ezagutu ahal izan dira Itsasadarreko bulebarraren nondik norakoak. Bulebarrak Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo lotuko ditu, oraingo BI-711 errepidea espazio berri batean eraldatuta. Zehazki, 6,5 kilometroko luzeran, itsasadarraren eskuinaldeko aurrealdea hiri-bilbean integratuko da, trafikoa geldotuz eta oinezkoentzako pasealeku bat eta bizikleta-bide bat sortuz.
Aurkezpen-ekitaldian, Rementeriarekin batera, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatu Imanol Pradales foru diputatua, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Erandioko alkate Aitziber Oliban, Getxoko alkate Amaia Agirre eta Leioako alkate Iban Rodríguez izan dira.
Datorren urtean hasiko dira itsasadarreko oraingo errepidean oinezkoen pasealekua eta bizikleta-bidea barne hartuko dituen bulebarra eraikitzeko lanak; eta 20 milioi euroko inbertsioa egingo du BFAk.
Horrela geratuko da Rontegiko zubi azpiko bidegurutzea
Proiektua gauzatu ahal izateko, BI-711 errepidea eraldatu beharko da, "itsasadarraren ertz osoa bulebar bihurtuko du, pertsonek gozatu dezaten, eta lehenaren eta ondorengoaren arteko muga ezarriko du bizitzeko eta mugitzeko moduan".
Batetik, bulebarra Getxo eta Bilbon dagoeneko dauden bidegorriekin lotuta egongo da eta, bestetik, Ezkerraldeko bizikleten eta oinezkoen sareekin konektatuta egongo da, Aldundiak Erandio eta Barakaldo artean eraikiko duen zubi mugigarriarekin.
Bulebarrak oinezkoen pasealekurako hiru metroko sekzio bat izango du ibilbide osoan zehar, Itsasadarretik hurbilen dagoen bandatik igaroko dena, eta, haren ondoan, lau metroko zabalerako bizikleta-bide bat. Motordunen zirkulazio geldorako errepidea 6,8 metrokoa izango da.
Espazio nahikorik eskaintzen ez dagoen tarteetan, espazioa plataformen bidez irabaziko da. Trazatuaren 6,5 kilometroetatik, 1,8 kilometro gehiago plataforma eraiki beharko da, hegan edo piloten gainean, zeinek 5,9 metroko zabalera izango duten gehienez ere.
Aurkezpenean Rementeriak esan duenez, proiektua "iraultzailea" izango da. Halaber, ziur agertu da "uraren aurrealdea berreskuratzeak era guztietako aukera berriak sortzen lagunduko duela".
Lamiakon, trafikoa barruko errepidetik desbideratuko dute, bulebarrak Itsasadarraren ondoko lekua hartuta
Inbertsioa eta epeak
Itsasadarreko bulebarraren trazatu-proiektua informazio publikoaren izapidearen pean jarriko da, datozen egunetan; ondoren, eraikuntza-proiektua egingo da. Eraikuntza proiektuak —abuzturako aurreikusita dago onartzea— behar den inbertsioa eta eraikitzeko epeak zehaztuko ditu. Dena den, Foru Aldundiak 20 milioi euroko inbertsioa egin beharko dela uste du, eta, haren iritziz, obrak 2023ko apirilean hasiko dira, eta 2024ko bigarren erdialdean amaitu.