Gizartea
Ezbeharrak Nafarroan
Bi emakume larri zauritu dira Vianan eta Bertizaranan izandako trafiko istripuetan
Agentziak | EiTB Media
59 urteko motor-gidari larri zauritu da N-111 errepidean, Vianan, aurrez aurre talka eginda. Gainera, 70 urteko emakume sunbildar bat oso larri zauritu da beste istripu batean, NA-1210 errepidean, Bertizaranan.
-
Ezebeharra Bertizaranan (Nafarroa). Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
59 urteko motor-gidari bat larri zauritu da N-111 errepidean, Vianan (Nafarroa), auto baten aurka aurrez aurre talka eginda. Autoko gidaria onik atera da.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, anbulantzia batek emakumea Logroñoko ospitalera eraman du.
Ezbeharra 06:22ean gertatu da. Foruzaingoak zirkulazioa arautu behar izan du.
Bestalde, 70 urteko emakume bat oso larri zauritu da beste istripu batean, NA-1210 errepidean, Bertizaranan (Nafarroa).
Hiru autok talka egin dute ezbeharrean, 11:37an, Poliziako iturriek jakinarazi dutenez.
Narbarteko noranzkoan zihoan ibilgailu batek geldi zegoen beste bat jo du. Ondorioz, 70 urteko gidari sunbildarra oso larri zauritu da. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan dute helikopteroan.
Hirugarren ibilgailuko gidaria onik atera da. N-121-A errepidetik zetorren. Lehen ibilgailuko gidaria, ostera, Doneztebeko osasun zentrora eraman dute nerbioak jota.
Era berean, Foruzaingoak zirkulazioa arautu behar izan du. Suhiltzaileek biktimak erreskatatu eta errepidea garbitu dute.