Gizartea
Eraso homofoboa
Igande goizaldean Zornotzan izandako eraso homofobo bat ikertzen ari da Ertzaintza
Agentziak | EITB Media
Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, gertaerak arbuiatu eta biktimei elkartasuna helarazteko. Segurtasun Sailak salaketa dagoela baieztatu du, baina ez du xehetasun gehiagoren berri eman.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du igande goizaldean Zornotzan izandako eraso homofoboa argitzeko, Segurtasun Sailak EFE agentziari jakinarazi dionez.
Sailak ez du xehetasun gehiago eman, ez gertaerei ez biktima kopuruari dagokionez, baina baieztatu du salaketa badela eta ikerketa zabalik duela.
Zornotzako Udalak, bere aldetik, adierazpen instituzionala kaleratu du astelehenean gertaera horien nahiz edozein indarkeria motaren inguruan "gaitzespen irmoa" agertzeko.
Era berean, biktimei eta haien senitartekoei euren babesa eta elkartasun adierazi die eta elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako. 18:30ean izango da Udaletxe Plazan.
Udalak bere adierazpenean adierazi duenez, "LGTBI+ kolektiboaren aurka egiten den indarkeria pertsona horien duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatu larria da; giza eskubideen urraketa larri eta onartezina da".
Azkenik, "pertsonen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta erabateko herritartasunaren aurka egiten duten indarkeria-mota guztiak desagerrarazteko" konpromisoa berretsi du udalak.
[EUS]Udalak aho batez onartu du Adierazpen Instituzionala larunbatean izandako eraso homofoboa eta beste edozein motatako indarkeriaren azken urraketak irmoki salatzeko. Dei egin du gaur, 18:30etan Udaletxeko plazan egingo den kontzentrazioara. pic.twitter.com/qiPcmNf1Jt
— Amorebieta-Etxanoko Udala (@amoretxanoudala) May 2, 2022