Gizartea
ikerketa
Ertzaintza pertsona baten bila ari da, Bilbon hildako lau gizonen heriotzarekin zerikusia duelakoan
eitb media
Bilatzen ari diren gizona internet bidez jarri omen zen harremanetan biktimekin eta, droga eman ostean, banketxeko datuak lortu zituen, dirua lapurtzeko.
Ertzaintza gizon baten bila ari da, Bilbon hildako lau gizonen heriotzekin lotura duelakoan.
EITB MEDIAk jakin ahal izan duenez, urrian 43 urteko gizon ondarroar bat hil ondoren norbaitek hildakoaren dirua bankutik atera zuela ohartu ziren senideak. Bilbon bizi eta musika irakaslea zen, eta Zazpikaleetako bere etxean aurkitu zuten hilik.
Antza denez, bilatzen ari diren gizona Internet bidez, homosexualen aplikazio baten bitartez, jarri omen zen harremanetan biktimarekin eta, droga eman ostean -extasi likidoa autopsiaren arabera-, banketxeko datuak lortu zituen, eta dirua lapurtu. Ertzaintzak, gertatutakoaren ustezko egilea identifikatu ondoren, gizona topatzeko bilaketa hasi du.
Horrez gain, ikerketa abiatuta, Ertzaintzak heriotza hau Bilbon izan diren beste kasu batzuekin lotu ditu. Hasieran, heriotza naturalak ziruditen, baina baliteke hilketa kasuak izatea, hori dela eta, beste hiru lagunen kasuak ikertzen ari dira, denak Bilbon gertatutakoak. Heriotzak iraila eta urria bitartean gertatu ziren.
Ikerketan oso garrantzitsua izan da gizon baten testigantza. Abenduan ihes egin zuen erasotzailearen eskuetatik, eta auzotarrei laguntza eskatu zien. Auzia sumario-sekretupean dago.