Gizartea
ARALAR
Abeltzainek, EHNEk eta ENBAk ez dute Aralarko larreen irekiera ekitaldian parte hartuko igandean
EITB MEDIA
Aralarko larreak irekitzeko ekitaldi ofiziala "antzerkia" dela kritikatu dute, mendiko abeltzaintza "urte osoan babestu behar dela" iritzita. Horrenbestez, ez dute ganadurik eramango.
-
Aralar (artxiboko irudia). EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia
Aralarko Abeltzainak, ENBA eta EHNE sindikatuak ez dira igandeko Aralarko larreen irekiera ekitaldi ofizialera joango, "egun bateko jaiaz haratago", mendiko abeltzaintza "urte osoan" babestu behar dela iritzita.
Gaur zabaldutako ohar batean adierazi dutenez, mendira azienda igo, eta, bertan lan egin eta bizi diren abeltzainek ezer gutxi dute ospatzeko. Horien esanetan, mendiaren ardura nagusia duen Enirio-Aralar Mankomunitateak urte osoan egiten ez duena egun bateko ospakizunarekin ezkutatu eta zuritu nahi du, eta gizarte osoaren aurrean, normaltasun itxura agertu.
Horren aurrean, Enirio-Aralarreko mendiko erabiltzaileak diren abeltzainek adierazi dute ez daudela prest "maskarada" horretan parte hartzeko.
Hori guztia dela eta, ez dira igandeko ekitaldira joango eta ez dute ganadurik eramango.
ARALAR. MENDIKO ABELTZAINTZA, egun bateko jaiaz haratago, URTE OSOAN BABESTU BEHAR DA. Abeltzainok ez dugu partehartuko Maiatzaren 1erako Mankomunitateak antolatutako antzerkian. GURE IZENEAN EZ! https://t.co/gTcH6D3AGo pic.twitter.com/DlMSD54S8F
— ENBA - Euskal Nekazarien Batasuna (@ENBA_eus) April 28, 2022