Itxi

Gizartea

EPAIA

Gizon bat kondenatu dute Iruñean urtebeteko alabari tratu txarrak emateagatik

EITB MEDIA

Tratu txarrak emateagatik ezarritako zigorra onartu du haurraren aitak, fiskaltzak eta defentsak akordioa adostu ondoren. Orain baino lehen, Iruñeko epaitegi batek emazteari tratu txarrak emateagatik kondenatu zuen.

  • Nafarroako Justizia Jauregia

    Nafarroako Justizia Jauregia. Artxiboko argazkia: EFE

Iruñean, gizon bat kondenatu dute urtebeteko alabari tratu txarrak emateagatik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ostegun honetan jakinarazi duenez. 37 urteko gizonak alabari tratu txarrak ematen zizkiola onartu du, eta fiskaltzak eta defentsak adostu dute urtebete eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra.

Epaian irakur daitekeenez, alabak urtebete zuenean, jateko aulkitxoan denbora luzez lotuta edukitzen zuen, pixoihala aldatu gabe, eta indarka ematen zion jaten, zenbaitetan ahoan zauriak egiteraino.

Auzi honi buruzko epaiketa otsailaren 18an Iruñeko 3. Epaitegian egitekoa bazen ere, azkenean akusatuak tratu txarrak onartu zituen eta fiskalak egindako zigor eskaria onartu zuen, eta, ondorioz, ez zen egin.

Orain baino lehen, Iruñeko epaitegi batek emazteari tratu txarrak emateagatik lau urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorrera ere kondenatu zuen.

Espetxe-zigorraz gain, kondenatua ezin izango da alabarengana hurbildu edo harekin komunikatu bi urte eta bederatzi hilabeteko epean. Gainera, aldeek espetxe-zigorra 2 urtez etetea erabaki dute, baldin eta epe horretan deliturik egiten ez badu eta komunikazio eta urruntze aginduak errespetatzen baditu.

Epaia ez da irmoa eta aldeek helegitea jar diezaiokete Nafarroako Auzitegian.