Gizartea
Eguraldia
Zaparradekin abiatuko dute San Prudentzio eguna Gasteizen, arratsaldean atertzera egingo badu ere
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
"Santu pixontzia"k bere izenari ohore egingo dio ostegunaren lehen partean, eta giro ezegonkorra izango da nagusi. Tenperatura minimoak 7 ºC-ren bueltan ibiliko dira, eta balio altuenak, 14-15 ºC inguruan.
-
2012an ere San Prudentzio euritsua izan zuten gasteiztarrek. Artxiboko argazkia: EFE
Pandemiaren eraginez, euren festa handia ospatu ezinda ibili dira bi urtez gasteiztarrak. Aurten osasun egoerak hobera egin duela eta, ospatzeko aukera egongo da, baina eguraldi aldetik, zaharrak berri izango dira Gasteizen: giro bustia nagusituko da apirilaren 28an, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.
San Prudentziori "santu pixontzia" deitu izan diote, eta 2022 honetan ere, ohiturari jarraituko dio. Aterkia aldean eraman beharko dute danborradan eta erretretan parte hartzen dutenek, tarteka zaparradak botatzea aurreikusi baitu Euskalmetek.
Dena dela, egunak aurrera egin ahala, atertzeko joera hartuko du aroak, eta hodei geruza saretu eta ostarteak zabalduko dira arratsalde-gau partean.
Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperaturak ez dira aldatuko. Minimoak 7 ºC-ren bueltan ibiliko dira, eta balio altuenak 14-15 ºC-koak izango dira.