Gizartea
Koronabirusa
Zaintza eredu berriak pertsona zaurgarriengan eta osasun sistemaren egoeran jarriko ditu indarrak
Iker Gonzalez | eitb media
Itziar Larizgoitia Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariak fase berri honetan pandemiaren zaintza sisteman egindako aldaketak azaldu ditu. "Trantsizio fasean" gaude, esan duenez, zaintza komunitarioa atzean utzita, ez baita "beharrezkoa, ezta posible ere" horretan jarraitzea.
-
Larizgoitiak Euskadiko zaintza eredu berriari buruzko nondik norakoak eman ditu. Argazkia: EFE
Fase berri batean gaude pandemian, hain zuzen, "trantsizio fase batean, zeinetan lan egiteko eta erantzuna emateko modua aldatu beharra dagoen"; aldaketa, izan ere, eman da dagoeneko Osakidetzan, eta Itziar Larizgoitia Osasun Publiko eta Adikzioetako zuzendariak aldaketaren nondik norakoak eman ditu.
Larizgoitiak agerraldia egin du gaur, astelehena, Legebiltzarreko Osasun Batzordean, EH Bilduk eskatuta, pandemiaren fase berri honetan euskal osasun sistema nola egokitu den azaltzeko.
Hala, Larizgoitiak pandemiaren zaintza, jarraipena eta kontrola egiteko antolaketan emandako aldaketak azaldu ditu. Fase berri honetan bi helburu nagusi daude, eta zenbait ekintza-ildo.
Helburu nagusiak hauxek dira; batetik, infekzio kopurua murrizten saiatzea, osasun sisteman, ekonomian zein osasunaren bestelako esparruetan gorabeherarik eragin barik. Bestalde, pertsona zaurgarriak (emakume haurdunak eta immunoeskazia pairatzen duten pertsonak) babestea, ekintza zehatzak garatuz, bai osasun publikoan, baita farmakologiaren esparruan ere.
Zaintza ildo hauetan oinarritzen da orain:
-Sintoma larriak dituzten pertsonek covid-19a dutela baieztatu, eta pertsona zaurgarrien kasuetan kutsatuta dauden susmoa badago.
-Lehen Mailako Arretan arnasteko infekzio larria duten kasuen sumoan oinarritzen da, bi bidetatik; a) zaintza sindromikoa, hau da, Osakidetzako informazio klinikoetan jasotako datuen bidez, arnasteko infekzio larria dagoen susmoa badago eta b) sare jagolea: "lan taldeek Euskadiko biztanleen lagin adierazgarria jaso, eta diagnosia egiteko laginak hartu, pertsona horiek guztiak infektatu diren diagnosia egiteko, covida izan ala ez. Aipatutako laginak jagoleen taldeen sarera bideratuko dira".
-Ospitaleetan arnasteko infekzio larria duten kasuetan (erabilitako oheak, ZIU eta sarrerak).
-Mikrobiologia laborategien sareak egindako lanaren sekuentziazioan oinarrituta.
Zaintza sistema indartzeari buruz, "urratsak ematen ari dira Osasun Sailean eta Osasun Publikoko Zuzendaritzan zaintza sistema eta Osakidetzaren sarearekin elkarlana indartzeko", Larizgoitiaren hitzetan.