Itxi

Gizartea

OSASUNA

Umeetan agertzen ari den jatorri ezezaguneko hepatitisak lehendabiziko hildakoa eragin du Erresuma Batuan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 169 kasu hauteman ditu munduko 11 herrialdetan, eta horietatik 17k gibeleko transplantea behar izan dute.

  • Odol laginak laborategi batean (artxiboko irudia)

    Odol laginak laborategi batean (artxiboko irudia). Egile eskubiderik gabeko irudia

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) zabaldutako informazioaren arabera, haurrengan agertzen ari den jatorri ezezaguneko hepatitisak lehendabiziko hildakoa eragin du Erresuma Batuan. Halaber, apirilaren 21era arte 169 kasu hauteman ditu munduko 11 herrialdetan, eta horietatik 17k (kasu guztien % 10 gutxi gorabehera) gibeleko transplantea behar izan dute.

Gaixoek hilabete eta 16 urte artean dituzte. 169 kasu horietatik 114 Erresuma Batuan hauteman dituzte, 13, Espainian; 12, Israelen; 9, Ameriketako Estatu Batuetan; 6, Danimarkan; 5 baino gehiago, Irlandan; 4, Herbehereetan eta Italian; 2, Norvegian eta Frantzian; eta bana Errumanian eta Belgikan.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Zeintzuk dira hepatitisaren sintomak?

Gaixoengan ez dituzte hauteman hepatitis akutu mota eragiten dituzten birus arruntak (A, B, C, D eta E hepatitisaren birusa). Aitzitik, gutxienez 74 kasutan adenobirusak detektatu dituzte.

MOEk adierazi duenez, "adenobirusa hipotesi posible bat den arren, agente eragilea ikertzen ari dira". Nolanahi ere, OMEren arabera, "ez du guztiz azaltzen koadro klinikoaren larritasuna".

Adenobirusak ohiko patogenoak dira. Pertsonatik pertsonara transmititzen dira eta arnas aparatuko gaixotasunak eragiten dituzte, baina motaren arabera, beste gaixotasun batzuk ere eragin ditzakete, gastroenteritisa, konjuntibitisa eta zistitisa, esaterako.