Itxi

Gizartea

Haurren kontrako indarkeria

Belen Larrion: "Oso garrantzitsua da ingurune seguruak sortzea, konfiantzaz kontatu ahal izateko bizitakoa"

Olatz Prat | EITB Media

Gipuzkoako Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko zuzendari nagusiak haurren babesgabetasunaren prebentzioan jartzen du azpimarra, bai eta detekzio nahiz tratamenduan bizkor aritzean ere. Gogorarazi du herritarrak legez behartuta daudela tratu txarren balizko kasuak jakinaraztera.

  • Belen Larrion. GFA.

    Belen Larrion. GFA.

Apirilaren 25a Haurrenganako Tratu Txarren aurkako Munduko Eguna da. Adituak bat datoz esatean haurtzaroan indarkeriaren biktima izateak etorkizunean erasotzaile bihurtzeko arriskua areagotzen duela, baina ez da hori ondorio posibleetako bakarra. Osasun mentaleko arazoak dituzten helduen heren batek baino gehiagok abusuren bat jasan du haurra zenean, eta haurren tratu txarren biktimek bi aldiz arrisku handiagoa dute euren buruaz beste egiten saiatzeko.

Belen Larrion (Bergara, 1966) Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko zuzendari nagusiari haurren babesgabetasunaren ezaugarriei eta errealitate hurbilenari buruz galdetu dio EITB.eus-ek.

Zer ulertu behar dugu haurren kontrako txartu txartzat?

Haurren kontrako tratu txarrek pertsona helduen botere-abusua dakarte berekin; errepikatzen den abusua da, haurren eskubideak urratzen dituena; literatura zientifikoan asko dago idatzita tratu txarrei eta haien forma desberdinei buruz. Azken urteotan aurrerapausoak eman dira, legeak aldatu eta arauak garatzearekin.

Badaude tratu txartzat hartzen ez ditugun baina tratu txar diren ohiko portaerak? Ipurdiko bat, haserre une bateko garrasiak… Non dago marra gorria?

Marra gorria argi eta garbi ikusi ahal izango dugu, ziur aski, baldin eta zintzoki pentsatzen badugu honako maxima honetan: 'Jokatu besteek zurekin jokatzean nahiko zenukeen moduan'.

Inori ez zaigu gustatzen oihu egin diezaguten edo jo gaitzaten, oso bestelako kontua da zer egin dezakegun eta zer egiten dakigun geure bizipenen eta hazkuntza-ereduen arabera, eta horrek jokabide jakin batzuk azal ditzake, baina ez justifikatu.

Zein ondorio dituzte haurrarengan tratu txarrek, epe motzean zein luzera begira?

Tratu txarrak jasateak beti dakartza ondorioak; ondorio horien norainokoa zehazteko, beharrezkoa da azterketa bat egitea, adina, tratu txar tipologia eta testuingurua ezagutzeko, bai eta aurrez tratamendu egokirik egon den ala ez jakiteko.

Oso garrantzitsua da jasandako tratu txarrek eragiten duten trauma artatzea. Detekzio goiztiar on bat eta tratamendu egoki bat funtsezkoa da traumaren ondorioak lehengoratzeko edota minimizatzeko.

2021EAN HAUTEMANDAKO KASUAK, ADINEKA

2021ean detektatutako kasuen artean, 93 (% 28,1) 12 eta 14 urte bitarteko haurrei zegozkien, eta 82 (% 24, 8) 15 eta 17 urte bitarteko nerabeei. 8 eta 11 urte bitarteko 57 haurrek (kasuen % 17,2) tratu txarren bat jasan zuten, baita 4 eta 7 urte bitarteko 43 haurrek ere (% 13). 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoen aurkako 56 tratu txar kasu detektatu ziren, kasuen % 16,9

Indarkeria zuzenean eragin gabe, adibidez, haren ama genero-indarkeriaren biktima bada edo gurasoen (edo gurasoen bikote berrien) artean indarkeria-harremana badago, hori ere kontsidera liteke haurraren kontrako eraso?

Indarkeria eta tratu txarrak eskutik doaz, indarkeria-testuinguru bat berez da tratu txarren eragilea. Azken arau-aldaketetan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabak legez ere aitortzen dira genero-indarkeriaren biktima gisa, beste urrats bat da, indarkeria mota guztiak aitortzeko aurrerapausoa.

"Detekzio goiztiar on bat eta tratamendu egoki bat funtsezkoa da traumaren ondorioak lehengoratzeko edota minimizatzeko"

Nola detektatzen dira haurren tratu txarrak? Zein seinaleri egon behar adi?

Oso litekeena da tratu txarrak seinale fisikoekin lotzea, hau da, tratu txar fisiko aktibo bat agerian utz dezaketen ubeldura eta kolpe deigarri eta errepikatuekin. Halaber, abandonua eta zabarkeria adierazten duten seinaleei ere erreparatu behar diegu, esaterako, elikadura desegokiarekin, jantziekin eta atsedenarekin lotura izan dezaketenak, bai eta gurasoek seme-alabei ematen dieten arretaren kalitatearekin ere. Azken batean, haurren eta nerabeen behar fisikoei zein neurritan erantzuten zaien baloratzea. 

Dena den, lehen begiratuan hauteman ditzakegun adierazle fisikoez gain, oso garrantzitsua da ondoez emozionalarekin eta barne-sufrimenduarekin zerikusia duten seinaleak hautematen ikastea; batzuetan, nabaritzen zailagoak izan daitezke, eta oharkabean igaro. Tristura, larritasuna eta uzkurtasuna etengabe behatzen badugu erne jarri beharko genuke; halaber, ohikoa da tratu txarren edo abusu emozionalen ondorio izan daitezkeen jokabide oldarkorrak ikustea, bai norberekiko bai albokoekiko.

Ba al dago loturarik edo ba al du eraginik familien egoera sozioekonomikoak haurrenganako indarkerian, ala mito eta aurreiritziak dira?

Haurren aurka indarkeriaz jokatzea indarkeria hori erabiltzen duenaren ezaugarri pertsonalekin dago lotuta, haren egoera sozioekonomikoa edozein dela ere. Hala ere, egia da, egoera sozioekonomiko konprometitu batek familia-testuinguru osoaren oreka emozionalari eragin diezaiokeela, eta, beraz, indarkeria giroko testuinguruak bultzatu.

Zein da azken urteetan ikusten ari zareten joera? Egoera larriagotzen ari da ala kontzientzia gero eta handiagoa dago? Agian, aldatzen ere ariko dira haurren babesgabetasun moduak. Hala bada, zergatik?

1989ko Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaz geroztik, ibilbide arauemaile, instituzional eta sozial oso garrantzitsua urratu da; gero eta argiago ulertzen du haurrak eskubidedun subjektuak direla eta ez gurasoen jabegoko pertsonak.

Ildo horretan, babes-sistemek funtzionatzen dute. Gizarte Zerbitzuen sistemaz gain, oso ohikoa da, halaber, Hezkuntza, Justizia eta Osasunak esku hartzea lehen instantzian, babesgabetasun-egoerak jakinarazteko eta agerian uzteko. Hala eta guztiz ere, bide luzea dago egiteko tratu onak bermatzen dituen gizarte baterantz, irmo eta erreparorik gabe salatu eta agerian jarriko dituena haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak urratzen diren egoerak.

Jakina denez, pandemiak eragin nabarmena izan du herritarren osasun mental eta emozionalean. Ari al zarete zuek tratu txarren kopuruan / joeretan aldaketarik ikusten? Nola uste duzu eragin duela pandemiak?

Pandemiak eragin digun osasun-krisiak eta krisi sozioekonomikoak modu traumatikoan eragin du gizarte osoan eta, beraz, haurren babes-sisteman ere nabari da horren isla. Osasun mentalean arreta behar duten adingabeen joera gero eta handiagoa dela ikusten ari gara; pandemia aurretik gora zihoan dagoeneko. Bestalde, ikusten ari gara larrialdiko gizarte-zerbitzuen jarduerak ugaritzea ekarri dituen familien gatazka eta krisiek gora egin dutela eta aztertzen ari gara igoera horrek pandemiarekin lotura izan dezakeen ala ez.

2021EAN HAUTEMANDAKO BABESGABETASUN KASUAK ETA TIPOLOGIAK

· 2021ean Gipuzkoan atzemandako haur-tratu txarren kasuen % 42an, haurrarekiko zabarkeriak hauteman ziren, 182 kasu guztira. Kasuen % 30etan (130 kasu) tratu txar psikikoa zegoen, eta erregistratutako kasuen % 20tan (87 kasu, zehazki) adingabeen jokabidea kontrolatzeko gurasoen ezintasuna ageri zen.

· 69 kasutan (% 16) gurasoek zailtasun larriak zituzten eta 44 kasutan (% 10) gurasoek babesgabetasun larriaren aurrekariak zituzten.

· 2021ean, adin txikikoen kontrako 30 sexu-abusu kasu atzeman ziren Gipuzkoan (kasuen % 7) eta tratu txar fisikoen 9 kasu (% 2).

· Gainera, 22 kasutan (% 5) beharrezkoa izan zen esku-hartzea, gurasoak aldi baterako edo behin betiko ezinduta zeudelako adingabeak zaintzeko.

· 13 adingabe ustelkeriaren eta tratu desegokiaren biktima izan ziren edo eskean aritzera behartuak, eta 9 haur abandonatu egin zituzten. Gainera, jaio aurreko tratu txarren 4 kasu detektatu ziren.

Haurren kontrako tratu txarrak tabua dira gizartean, eta horietan gordeen eramaten dena sexu abusuei dagokiona. Halakoen berri inguruan izatea ohikoa ez den arren, estatistikek diote inguruan edonork izan ditzakeela sexualki jazarriak diren haurrak eta haurrak jazartzen dituzten helduak. 

Zorionez, tabuak gero eta txikiagoak dira haurtzaroko tratu txarrei dagokienez, baita sexu-abusuei dagokienez ere. Gai horiei buruzko pedagogia sozial on bat oso lagungarria izango litzateke sekretuan, erruan eta lotsan harrapatuta dauden biktima adingabeek sentimendu horiek alde batera utzi eta konfiantzazko pertsona batekin bizi dutenari buruz hitz egin ahal izateko eta, horrela, laguntza profesionalerako bidea ireki ahal izateko.

Oso garrantzitsua da ingurune seguruak sortzea komunitatean, konfiantzaz kontatu ahal izateko bizitakoa. Familia- eta eskola-testuinguruaz gain, haurren babeserako gune garrantzitsuak dira elkarteak, aisialdiko klubak eta kirol jarduerak, besteak beste.

"Babesgabetasun-egoera posibleren bat ezagutzen duen pertsona orok babes-sistema publiko bati jakinarazteko betebeharra du, legez"

Zein da tratu txarren biktima diren haurrei eta haien familiei eskaintzen zaien zerbitzua?

Batzuetan, beharrezkoa da haurrak eta nerabeak harrera-familiek edo egoitza-zentroek artatzea, haien babesa bermatu eta familien gaitasunak lantzeko. Ildo horretan, talde profesionalek eta familia harreragileek funtsezko lana egiten dute.

Bestetik, baditugu programa psikosozialak eta sozioedukatiboak ere, egindako balorazioan eta diagnostikoan identifikatutako gaiei erantzuteko arreta-plan gisa martxan jartzen direnak. Programa horiek, kasuaren arabera, banaka, taldeka eta/edo etxean lantzen dira.

Zein neurritan eta nola lortzen da egoerari buelta ematea?

Bizitzako ia alderdi guztietan bezala, zenbat eta lehenago hartu neurriak, orduan eta aukera gehiago emaitza hobeak lortzeko. Ezinbestekoa da prebentzioa indartu eta arreta goiztiarra ematea. Aldundiak egoera jada oso konprometitua denean hartzen du esku, horregatik, udalekin eta beste eragile batzuekin lankidetza bilatzen dugu, detekzio eta arreta goiztiar hori lortu eta egoerei bueltan eman ahal izateko Ildo horretan, uste dugu komunitateak izan behar duela babes ingurune nagusia, eta hortik abiatuta, prebentzioa eta arreta ematea ez ezik, adingabeentzako ingurune seguruak identifikatu eta adieraziko dituen eta haurtzaroan tratu ona sustatuko duen plan bat lantzen ari gara.

Gaurko haurrak biharko helduak dira. Beraz, haurtzaroan inbertitzea etorkizuneko gizartean inbertitzea da; Gipuzkoan etorkizuna aintzat hartuta egiten dugu lan, beti dugu kontutan proiekzioetan. 

Zer egin beharko luke haurren tratu txarren kasu baten susmoa duen edo horren ebidentziak dituen edozein herritarrek?

Agian ez da gauza jakina babesgabetasun-egoera posibleren bat jakinarazteko betebeharra dutela herritarrek, legez; beraz, babesgabetasun-egoera posibleren bat ezagutzen duen pertsona orok babes-sistema publiko bati jakinarazi behar dio, dela udaleko edo foru-aldundiko gizarte-zerbitzuei, dela Poliziari edo epaileren bati.

Oso garrantzitsua da ohartzea halako kasu bat jakinaraztean inor "akusatzen" baino gehiago ari garela kaltetua izan daitekeen haur bati babesa ematen. Jakinarazpenak behartu egiten du sistema kasua ikertzera eta adingabe hori nola dagoen zehaztera.