Gizartea
TRAFIKOA
A-8 autobideak itxita jarraitzen du Bizkaia eta Kantabria arteko mugan, luizi baten ondorioz
EITB MEDIA
Ibilgailuak N-634 errepidetik bideratzen ari dira. Goizean goizetik bidea garbitzeko lanean ari dira, baina baliteke egun batzuk behar izatea errepidea bere onera ekartzeko.
A-8 autobideak itxita jarraitzen du Onton parean, Bizkaia eta Kantabria arteko mugan, luizi baten ondorioz. Goizaldean izan da lur-jausia Kantabriako noranzkoan, eta ordutik, trafikoa N-634 errepidetik bideratzen ari dira.
Arratsalderako autoen joan-etorria arindu bada ere, hiru kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira pare horretan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, errepidea garbitzeko lanean ari dira goizean goizetik, baina baliteke egunak behar izatea bidea bere onera ekarri eta zabaltzeko.