Itxi

Gizartea

Preso Polonian

Pablo Gonzalez Varsovia hiriburutik 100 kilometrora dagoen espetxe batera eraman dute

EITB MEDIA

Espetxez ez ezik, abokatuz ere aldatu du Pablo Gonzalezek; lehen aldiz konfiantzazko abokatu poloniar bat izango du, aurretik ofiziozko bi abokatu izan ondoren.

  • Pablo Gonzalez, Polonian atxilotutako kazetaria

    Pablo Gonzalez, Polonian atxilotutako kazetaria. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Polonian preso duten Pablo Gonzalez euskal kazetaria espetxez aldatu dute. Varsovia hiriburutik 100 kilometrora dagoen Radomeko espetxera eraman dute, Oihana Goiriena kazetariaren emazteak Euskadi Irratiari baieztatu dionez.

Espetxez ez ezik, abokatuz ere aldatu du Pablo Gonzalezek; lehen aldiz konfiantzazko abokatu poloniar bat izango du, aurretik ofiziozko bi abokatu izan ondoren.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak kritikatu duenez, Poloniako Fiskaltza "burokraziarekin eta denborarekin jolasean dabil".

Twitter sare sozialean koalizioko ordezkariak azaldu duenez, Pablo bisitatu eta deitu ahal izateko, Fiskaltzak kazetariaren familiari eta abokatuari eskakizunak eta agiriak eskatu zizkien. Dokumentuak "duela asteak jaso zituen, baina edozein harreman blokeatzen jarraitzen du", salatu du Iñarrituk.

Otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez Errusiaren aldeko espioitza leporatuta; maiatzaren 29ra arte behin-behineko espetxealdian izango da.

Gonzalezen gertukoek sinadura bilketa abiatua dute Change.org plataforman haren eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Kanpainaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, Poloniak orain arte euskal kazetariaren aurka aurkeztutako frogak "zirkunstantzialak" dira eta guztiak bere jatorriarekin daude lotuta.

Gaur duela 54 egun Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik gertu, gerraren eta horren ondorioen inguruan informatzen ari zenean.

Pablo Gonzalez Moskun (Errusia) jaio zen. Aita errusiarra du eta ama, Errusian jaioa, 1936an Gerra Zibila hasi ondoren Errusiara bidali zituzten milaka haurretako baten alaba da. Gurasoak banandu zirenean, Pablo Gonzalez amarekin Euskal Herrira joan zen bizitzera.

Dena dela, bi pasaporteak mantendu ditu: errusiarra eta espainiarra. Lehenengoan, Pavel Alekseevich Rubtsov da; Pablo Gonzalez (errusierazko izenaren itzulpena eta bere amaren aldeko aitonaren abizena).