Itxi

Gizartea

Nafarroa

Berriozarren aitari ustez eraso zion gaztea behin-behineko askatasunean utzi du epaileak

EiTB Media

Guardiako epaileak aitarekiko 500 metro urruntzeko agindua ezarri dio. Aitak ez du salaketarik aurkeztu nahi. Iturri judizialen arabera, semea ez deklaratzeko eskubideaz baliatu da.

Berriozarren (Nafarroa) aitari ustez eraso zion gaztea behin-behineko askatasunean utzi du epaileak. Bart atxilotu zuten, bere burua entregatu ostean.

20 urteko gazteari tratu txar eta lesio delituak leporatzen dizkiote.

Guardiako epaileak behin-behineko askatasunean utzi du, baina aitarekiko 500 metro urruntzeko agindua ezarri dio. Fiskaltzak eskatu du neurria, eta defentsa ez da kontra azaldu.

Aitak ez du salaketarik aurkeztu nahi. Iturri judizialen arabera, semea ez deklaratzeko eskubideaz baliatu da, eta Berriozarretik gertu dagoen herri batera bizitzera joanen da izeko batekin.

Foruzaingoak bart atxilotu zuen, bere burua Guardia Zibilari entregatu ondoren. 24 ordu baino gehiago eman zituen ihes eginda.

Gertakariak astearte arratsaldean jazo ziren, Berriozarreko etxebizitza batean. Dirudienez, semeak aita sastatu zuen eztabaida batean. Sabelaldean zauria egin zion, eta bikotekidearekin batera ihes egin zuen. Foruzaingoa eta Udaltzaingoa ustezko erasotzailearen bila hasi ziren.