Gizartea
TRAFIKOA
Goizeko auto-ilarak amaituta, normaltasuna nagusi berriro euskal errepideetan
EITB MEDIA
Aste Santuko operazio-irteeraren ondorioz zirkulatzeko arazoak izan diren leku guztietan amaitu dira dagoeneko auto-ilarak: Armiñonen, Bizkaitik Kantabriarako mugan eta Biriatuko ordainlekuan.
15:30ak pasata, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi du, goizean lurraldeko hainbat tokitan izandako auto-ilarak amaitu direla eta normaltasunez gidatu daitekeela berriro EAEko errepide guztietan.
Aste Santuko irteera operazioaren bigarren egunean, auto-ilarak izan dira arratsaldeko lehen orduan AP-8 autobidean, Irunen, Baionarako noranzkoan, Iparraldera doazen ibilgailu kopuru handiagatik. Halaber, A-8 autobidean, Bizkaiko zatian, trafikoa geldoa izan da une batzuetan eta ilarak sortu dira Barakaldo eta Muskiz artean, Kantabriara bidean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, N-1 errepideak eta AP-1 autobideak Burgoserako noranzkoan Armiñonen duten lotunean goizean goizetik sortutako arazoak konpondu dira. Lau kilometro inguruko auto-ilarak sortu dira.
AP-8 autobidean Zarauzko ordainlekuan izandako pilaketak ere amaitu dira.
A-15 errepidean, Villabonan eta Iruñera bidean izandako arazoak ere konpondu dira.
Goizean zehar, pilaketak izan dira AP-68 autobidean, Zuian, Zaragozarako noranzkoan.
Pandemia aurreko joan-etorri kopuruetara itzultzea espero du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak; izan ere, 509.000 desplazamendu aurreikusi ditu egunotan. Atzo 15:00etan hasi zen ofizialki Aste Santuko irteera operazioa eta gaur 15:00ak arte espero zen trafiko mugimendurik handiena.
Astelehenean ere auto-ilarak espero dira gaur izan diren tokietan, kontrako noranzkoetan, itzulera-operazioa medio.
Arretaz gidatzeko gomendio orokorraz gain, ohi bezala hainbat puntutan arreta berezia jartzeko eskatu du, sor daitezkeen auto-pilaketak tarteko:
- A8 autobidea Kantabriarekiko mugan
- AP-8 autobidea Biriatuko ordainlekuan,
- AP1 autobidearen eta A1 errepidearen arteko lotunea, Armiñongo ordainlekuan.