Gizartea
Cannabis
Europako kalamu plantaziorik handiena desegin dute Nafarroan
Agentziak | EITB Media
Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren arabera, landareak CBD eta deribatuak egiteko erabiltzen ziren. Hiru pertsona atxilotu dituzte Nafarroan eta beste bi ikertzen ari dira EAEn.
Guardia Zibilak eta Foruzaingoak hiru pertsona atxilotu eta beste bi inputatu dituzte Europako marihuana plantaziorik handiena desegiteko operazioan, Nafarroa Erdialdean.
Polizien oharraren arabera, 415.000 landare suntsitu dira. Iturri horien hitzetan, litekeena da landare horiek 30 milioi euroren truke saltzeko asmoa izatea CBD (kanabidiola) eta beste deribatu batzuk prozesatzeko, eta merkatuan 100 milioi euro lortzea horrela.
Iaz hasi zen ikerketa, Artaxoan eta Erriberrin. Guztira, 67 hektarea hartzen zuten 11 kalamu lursail aurkitu dituzte.
Ohar horren bidez jakinarazi dutenez, plantazioaren arduradunak itxurazko legezkotasuna eman zien egindako landaketei, eta agenteei jakinarazi zien helburua kalamua industria-erabilerarako aprobetxatzea zela. Hala ere, landare horiek, besteak beste, Suitza eta Italia aldera bideratzen zituzten. Herrialde horietan CBDtik eratorritako produktuak egiten direnez, agenteek susmo txarra hartu zioten.
Atxilotuek industria-nabe handi bat prestatu zuten Artaxoan, aireztatze- eta tenperatura-sistemaz hornitua, landareak lehortzeko.
Ikerketan zehar jakin zuten, gainera, landare lehor horiek zeramatzan kamioi bat Italiara joan behar zela, eta orduan hartu zuten bidalketa geldiarazteko erabakia.
Polizien esanetan, landare horiek suntsitu egin dituzte, Tafallako Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak baimena eman ondoren, eta bildu gabe zituzten gainerakoak (375.000 gehiago) ere moztu eta suntsitu dituzte.