Gizartea
iragarpena
Aste Santuko eguraldia: oro har, egonkor eta ia prezipitaziorik gabe
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ostiraletik aurrera, egonkortzera egingo du aroak, eta batez ere asteburuan, eguzkitsu egongo da zerua, 20 ºC-ko tenperatura maximoekin.
-
Aste Santua hodeitsu abiatuko badugu ere, egonkortzera egingo du ostiraletik aurrera. Iñaki Arteta
Aste Santua giro aldakorrarekin abiatuko bada ere, eguraldiak egonkortzera egingo du eta giro eguzkitsu eta epela nagusitzen joango da, EITB Mediako Meteorologia sailak eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jaiegun horietarako prestatutako iragarpenaren arabera.
Asteazkena Evelyn depresioaren hondarren eraginpean izango da oraindik, eta giro fresko eta aldakorra izango dugu nagusi. Zenbaitetan, urdingune zabalak izango dira, eta beste batzuetan, hodeiguneek hartuko dute zerua, han-hemenka zaparradak utzita. Haizea suabe ibiliko da, ipar ukituarekin; arratsaldean indartu egingo da. Tenperatura maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira lurraldearen hegoaldean, eta hortik gora (17-18 ºC), isurialde atlantikoan.
Aro aldarkor horrek segida izango du ostegunean ere. Lurraldearen ekialdean hodei gehiago pilatuko dira, eta euri apur bat egin dezake, prezipitazio horiek aipagarriak izango ez diren arren. Mendebaldean, aldiz, eguraldi argiagoa edukiko dute. Haizeak mendebalde eta ipar-ekialdetik joko du, eta tenperaturetan ez da aldaketarik espero. Hala, 18 ºC ingurukoak izango dira lurraldearen zati handi batean, eta 16 ºC-ren bueltakoak, barnealdean.
Ostiraletik aurrera, giro egonkorragoa espero dugu, goi presioen eraginean izango baikara. Eguzki tarteak handiagoak izango dira, zeruan goi eta erdi mailako hodeiak egongo badira ere. Ekialdean tantaren bat edo beste bota dezake, bereziki goizean. Tenperatura maximoek gora egin dute apur bat eta termometroak 20-21 ºC-ren bueltan errendituko dira isurialde atlantikoan, eta 16-18 gradutan, barnealdean.
Eguraldi egonkor eta lehorrak segida izango du asteburuan eta Pazko Astelehenean. Tenperatura aldetik ere, epeletik jarraituko du. Dena dela, kontuan izan iragarpenek fidagarritasuna galtzen dutela egunek aurrera egin ahala, hortaz, komeni da egunean egunean eguraldi aurreikuspena begiratzea.