Gizartea
Indarkeria matxista
Txosten batek hiltzaile matxistaren profila atera du 25 sententziatik abiatuz
Agentziak | EiTB Media
Hiltzaileei espetxe zigor garrantzitsuak ezarri zizkieten epaiek. Zigortuaren profila: 46,4 urteko gizona, biktimarekin oraindik nolabaiteko lotura edo elkarbizitza harremana duena.
-
Hilketa matxista Gasteizen, 2021eko urrian. Argazkia: EFE
Bikotekideek edo bikotekide ohiek 2002tik 2020ra hildako emakumeen auzitako 25 sententzia aztertu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Hiltzaileei espetxe zigor garrantzitsuak ezarri zizkieten epaiek. Zigortuaren profila: 46,4 urteko gizona, biktimarekin oraindik nolabaiteko lotura edo elkarbizitza harremana duena.
Kasu askotan, emakumeak banantzeko edo harremana hausteko asmoa agertzea krimena eragiten duen faktorea da.
Gainera, txostenaren arabera, hildako emakumeen % 70ek ez zuten aldez aurretik salaketarik aurkeztu, eta krimena ez zen gertakari bakana izan, kontrol eta menperatze prozesu baten ondorio baizik. Horrela, biktimak indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa jasaten zuen.
Hilketak etxebizitzan gertatzen dira, arma zuriarekin, eta seme-alabak umezurtz uzten dituzte.
Gorroto delituen txostenaren markoan egin dute azterketa, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Legebiltzarreko batzordean azaldu duenez. Ikuspuntu juridiko kriminologiko batetik 25 epai aztertu dituzte, horietako 24k akusatuei zigorrak ezarri zizkieten.
Sailak ohar batean azaldu duenez, lanaren helburua "gorroto eta genero indarkeria delituen elkarguneak" aztertzea zen. Gorroto delituak epaitzeko orduan genero diskriminazioa larrigarri bezala erabili behar dela ondorioztatu du ikerketak, eraso, homizidio eta hilketekin egin bezala.