Gizartea
koronabirusa
Felix Zubia: "Txinako egoerak adierazten digu munduan zehar hor dagoela gaitza"
itxaso leon kareaga | eitb media
Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua baikor agertu da koronabirusaren aldaera berrien aurrean, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Haren aburuz, "datozenak ez dira larriagoak izango", baina gogorarazi du pandemia garaian gaudela oraindik.
-
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Aste honetan jakin dugunez, apirilaren 20tik aurrera ez da derrigorrezkoa izango eremu itxietan musukoa erabiltzea, Hego Euskal Herrian. Pandemiaren amaierak hurbilago dirudien garai honetan, badira zantzuak, Txinako egoera eta aldaera berriak tartean, bestela pentsarazten digutenak. Felix Zubia Donostia Ospitaleko zerbitzuburuak koronabirusaren inguruko azken albisteen interpretazioa egin du Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan.
Zubiak gogora ekarri du Txinatik abiatu zela pandemiaren hedapena, bertan sekuentziatu zutela eta 'covid 0' estrategia hartu zutela lehen unetik. Orain, agerraldi berri honen aurrean, neurri zorrotzak ezarri dituzte eta hori, medikuaren hitzetan, txertaketa tasa baxuaren adierazle izan daiteke. Txinako egoerak "adierazten digu munduan zehar hor dagoela gaitza, eta milioika pertsona daudela txertatu gabe". Gaineratu du herrialde pobreenetan gertatzen dela hori batez ere; Asia Hegoaldean edo Afrikan (% 10 inguruko txertaketa tasarekin), batik bat.
Txinaren kasuan, "hasieratik ezagutu zuen pandemia eta erabaki zuen halakorik ez zela izango". Hasieratik aplikatutako neurri zorrotzak, beraz, ostera iritsi dira. Zeelanda Berrian ere antzeko neurriak hartu dituzte, baina txertaketa datuak bestelakoak direla nabaritu da. "Gurean, berriz, txertaketa handia da, askok pasatu dute gaitza eta immunitate handia dago".
Olatu berriak bareago datoz
Erresuma batuan antzemandako XE aldaera berria ere izan du hizpide. Zubiak azaldu duenez, Omikronen azpi aldaera da, inkubazio tarte laburragoa dauka eta hori litzateke orain arteko kutsakorrena, MOEren arabera. Hotzeriaren antzeko sintomak eragiten ditu, "bestelako arriskurik gabe, eta forma larrienetik txertoek babesten dute".
Aldaera berriek txertoen babesa gal dezaketela aitortu arren, Donostia Ospitaleko ZIUko buruak nabarmendu du "baikorra" dela olatu berrien aurrean, eta datozenak ez direla larriagoak izango. Izan ere, "orain arte ez da horrelakorik gertatu medikuntzaren historian ezagutzen diren izurriteetan".
Musukoa, txertoak eta prebentzioa
Koronabirusaren aurkako txertoaren laugarren dosiari dagokionez, immunitate arazoak dituzten pertsonak eta adinekoak ekarri ditu, beste behin, mahaigainera. Dioenez, "hirugarren dosiaz ere aipatu genuen" talde zaurgarri horientzat zela gomendagarria. Laugarrenaren kasuan, berriz, ñabartu du immunitate arazoak dituztenen kasuetan gomendatzen dela, baina betiere "antigorputz maila neurtu ostean". Adinekoekin zer egin da gakoa, immunitateak gutxiago irauten baitu horien kasuan. "Ikusi beharko da musukoa kenduta benetako arriskua zein den".
Musukoaren ildotik, Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek adostutako neurriaz aritu da Zubia. Aurreko mintzaldietan ere aipatu izan duenez, "pixkanaka joango nintzateke, haurrekin egiten joan eta, ondoren, neurtu".
Edonola ere, "erabakia hartuta dago" eta orain "neurriak mantentzea komeni da", adinekoengatik eta immunitate arazoak dituztenengatik bereziki. Gogorarazi du aurreko astean 22 hildako izan zirela; talde zaurgarrietako pertsonak. Horien onerako, "musukoa eramatea, aireztapena zaintzea eta, sintomarik badugu, ez hurbiltzea" gomendatu du.
"Lantokietan ikusi beharko da" nola jokatu, esan du Zubiak, pandemia ez baita "osasun kontua bakarrik". Nolanahi ere, gomendioari eutsi dio, zaurgarrienen alde: "babestu ditzagun".