Gizartea
Gaztelugatxeko Doniane
Gaztelugatxe, berriz irekita gaurtik aurrera
Agentziak | EITB Media
Bizkaiko uhartetxoa berriz irekita dago, behin mendi-hegala egonkortzeko lanak bukatuta. Neurketa-sistema bat instalatu dute sor daitezkeen mugimenduak monitorizatzeko eta lurra etengabe aztertzeko.
-
Gaztelugatxeko Doniene, Bermeon (Bizkaia). Argazkia: Tamara Garcia Mosquera
Gaztelugatxeko Donianeko sarbidea (Bermeo, Bizkaia) gaur ireki dute berriro. Egunean gehienez 1.462 bisitari sartu ahalko dira, pandemiak ezarritako edukiera murrizketak kendu ondoren.
Gaztelugatxe zabalik dago berriro, mendi-hegala egonkortzeko lanak amaitu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Eremuan luizia izan zen 2021eko urtarrilaren 7an.
Hamabost hilabete hauetan, hobekuntzak egin dituzte mendi-hegalean, lur-mugimendu gehiago izan ez dadin. Hasieran, goiko aldean egin dute lan, Gaztelugatxerako bisiten segurtasuna handitzeko, eta, ondoren, lur gehien erori zen inguruan aritu dira lanean.
Neurketa-sistema bat ere instalatu dute sor daitezkeen mugimenduak monitorizatzeko eta lurra etengabe aztertzeko, segurtasuna bermatzeko helburuarekin.
Foru Aldundiaren arabera, ezarritako pertsona-kupoari dagokionez, turismoaren eta ingurumenaren babesaren arteko oreka bilatuko da.