Gizartea
Otxarkoagako hilketa
Otxarkoagako hilketagatik zigortuta eta ihesean zegoen adingabea atxilotu dute Bilbon
Agentziak | EITB MEDIA
Gaztea azarotik falta zen. Irteera baimen baten ostean, ez zen Zumarragako Ibaiondo itxialdi zentrora itzuli, eta ordutik haren bila egon da Ertzaintza.
2018an, Bilboko Otxarkoaga auzoan 80 urtetik gorako bikote bat hiltzeagatik zigortuta eta azarotik ihesean zegoen adingabea atxilotu berri du Ertzaintzak Bizkaiko hiriburuan. Atxiloketa duela bi egun egin zuten agenteek, eta Fiskaltzaren esku dago jada mutila, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gaztea azarotik falta zen. Ezarritako zigorra —sei urteko itxialdia— betetzen ari zen Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondo zentroan, baina irteera baimen baten ostean (10 hilabete zeramatzan baimenokin), ez zen zentrora itzuli.
Agertu ez zela eta, zentroko zuzendaritzak jakinaren gainean jarri zituen Adingabeen Epaitegia, Fiskaltza eta Ertzaintza. Ordutik haren bila ibili dira.
Zigortutakoak 18 urteak beteak ditu dagoeneko eta Fiskaltzaren esku geratu da.
Hiru adingabe epaitu zituzten Otxarkoagako hilketagatik. Horietatik bi zigortu zituzten eta hirugarrena absolbitu zuten, hilketan erantzukizunik ez zuela ebatzi baitzuen epaileak.