Gizartea
Txina
Shanghain positibo eman duten adingabeak gurasoengandik banantzen dituzte kutsatzeak saihesteko
Agentziak | EITB Media
Kasu positiboak berrogeialdi zentroetara bideratzen dituzte, eta adingabeak gurasoengandik banantzen dituzte. 26 milioi biztanle konfinatu dituzte covid-19 kasuen gorakada tarteko; atzo, 13.000 kasu atzeman zituzten.
-
Txinan covid testa egiten.
Shanghain pandemiaren aurkako neurriak gogortu dituzte covid-19 kasuen gorakada dela eta. Kutsatutako pertsonak berrogeialdi zentroetara bideratzen dituzte nahitaez. Txinako osasun-politikek ez dute adinagatik bereizketarik egiten, eta adingabeak gurasoengandik banantzen dituzte zentro horietan sartzeko, kutsatzeak saiheste aldera. Sintomak dituztenak eta ez dituztenak, baina, elkarrekin jartzen dituzte bertan; adituen ustez, estrategia hori ez da eraginkorra.
Hiri guztia konfinatu dute jada; ibaiaren mendebaldea, lehenengo, eta ekialdea, gero. Shanghain covid-19ak eragindako pandemia hasi zenetik erregistratu den agerraldi handiena atzeman dute. Atzo, adibidez, 13.086 kasu positibo atzeman zituzten 25,7 milioi proba eginda. Proba-kopuru esanguratsua egin zuten, Shaghaik 26 milioi biztanle inguru dituela kontuan izanda.
Txinako hirian duela astebete inguru hasi zen agerraldiari aurre egiten ari dira. Ostegunean, 5.500 kasu zenbatu zituzten; ostiralean, 6.300; astelehenean, berriz, 8.500.