Itxi

Gizartea

Eguraldia

Arabak dar-dar egin du apirilean: Herreran izan dute hotzena, zeropetik 6,7 ºC

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du astearterako (00:00etatik 10:00etara) muturreko tenperatura baxuak eta izotza izan daitezkeela eta. Gaur goizean ere, abisupean izan da EAE.

  • Saldropoko hezegunea, Otxandion (Bizkaia).

    Saldropoko hezegunea, Otxandion (Bizkaia). Argazkia: Julian Ezquerra

Elurraren ondotik, hotza. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean abisu horia izan dute gaur (gauerditik 10:00ak arte) muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. Bihar ere halatsu egongo dira, eta abisua Gipuzkoa osora zabalduko da, baita kostaldera ere. Udaberriko tenperatura minimoen ordez, negu girokoak izan ditugu goizaldean. Araban, Herrera mendatean neurtu dute tenperatura baxuena: zeroz azpitik 6,7 gradu; Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren estazio meteorologiko sarearen baitan izandako tenperatura minimoa, hain justu.

Arabako beste txoko batzuetan ere, zeropetik izan da termometroa: Agurainen -4,1 ºC izan dituzte, eta Gasteizko Abetxuku auzoan, -2,2 ºC.

Arabatik kanpo ere izan da tenperatura minimo aipagarririk: Matxinbentan (Beasain, Gipuzkoa), -2,3 ºC neurtu dituzte, eta Urkiolan (Bizkaia), -1,7 ºC.

Esan bezala, astearte honetarako ere, abisu horia ezarri du Segurtasun Sailak Araba eta Bizkaia barrualdean eta Gipuzkoa osoan. Gauerditik 10:00ak arte egongo da abisu hori indarrean. Euskalmeten iragarpenaren arabera, izotz txiki-handia egingo du barnealdean, eta izotz txikia egin dezake Gipuzkoako kostaldean. Dena dela, maximoek gora egingo dute. Arratsaldean, ipar-ekialdeko haizea ibiliko da eta balio altuenak bizpahiru gradu igoko dira.