Itxi

Gizartea

40. URTEURRENA

Eudel, 40 urte toki erakundeen alde lanean

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Lau hamarkadako jarduera bizian, Eudelek demokraziako lehen udalak eraikitzen lagundu du, bai eta zerbitzu publikoak modernizatzen eta politika sozialetan eta ongizate-politiketan aurrera egiten ere.

  • Eudelen 40. urteurrena

    Eudelen 40. urteurrena

Demokraziako lehen tokiko erakundeen oinarriak ezartzeko konpromisoa ardatz harturik, 1982ko maiatzaren 8an sortu zen Eudel, Euskadiko Udalen Elkartea, Gernikako Batzar Etxean, alkate talde baten eskutik. Hasieran, 144 udalerri batu zitzaizkion elkarteari, eta horiek jarri zuten lehen oinarria, elkartea beraien ordezkaritzat aitor zezaten gainerako instituzioen aurrean.

Hasierako ibilbide horretan, Zuiako alkate eta lehen elkarteburu Iñaki Oregik Arabako (Amurrio eta Aramaio), Bizkaiko (Basauri, Gernika eta Igorre) eta Gipuzkoako (Aretxabaleta, Azkoitia eta Arrasate) ordezkariak izan zituen alboan, bai eta Nafarroakoak ere (Etxarri Aranatz, Arantza eta Baztan).

Helburu komunak zituzten, eta gaur egun ere badituzte: tokiko autonomiaren defentsa eta udalen partaidetza eraginkorra, euskal erakundeen sisteman. Gaur egun, Euskadiko udalgintzaren erreferente nagusia da, eta gainerako instituzioekin harremanetan aritzen da politika publikoak koordinatzeko eta adosteko asmoz.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea da elkartearen lehendakaria, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ia udal guztiak kide izateaz gain, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Trebiñuko Konderriko udalerri batzuk ere biltzen ditu bere barnean. Urtaranen aurretik, hauek izan ditu lehendakari: (1987-1989) Jose Maria Gorordo, Bilboko alkatea; (1989-1999) Jose Maria Gonzalez, Muskizko alkatea; (1999-2007) Karmelo Sainz de la Maza, Leioako alkatea; (2007-2011) Jokin Bildarratz, Tolosako alkatea; (2011-2015) Ibone Bengoetxea, Bilboko alkateordea, eta (2015-2019) Imanol Landa, Getxoko alkatea.

Udal Legearen garrantzia

Errekonozimendua eta instituzionalizazioa pixkanaka joan da lortzen Eudel, eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearekin lortu zuen erabatekoa. Horretan lagundu du, era berean, Eudelen pluralismoa burura eraman izanak 2016an Elgoibarren egin zen Batzar Orokorrean. Estatutuak aldatzeko aho bateko akordioaren ondoren egin zen topaketa hartan, konpromisoa hartu zen EAEko udal gobernuetan ordezkatutako sentsibilitate politiko orok parte har zezan zuzendaritza organoetan.

Lau hamarkadako jarduera bizian, Eudelek demokraziako lehen udalak eraikitzen lagundu du, bai eta zerbitzu publikoak modernizatzen eta politika sozialetan eta ongizate-politiketan aurrera egiten ere.

Hala, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeaz gain (2016), Tokiko kargu publikoen lehen estatutua (1990), ingurumen-kudeaketaren hasiera (Tokiko Agenda 21 izenekoen bidez) edota udalerrietan euskara sustatzea eta Euskaltzaindiarekin lehen hitzarmena (2001) izan dira, besteak beste, Elkartearen mugarrietako batzuk.

Europar ispiritua

Sortu zenetik, europar espiritua eta balioak hartu ditu ardatz Eudelek. Euskal udalerriek Europako gainerako elkarteekin aliantzan lan egiten dute 1992an Eudel Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluan (CEMR) sartu zenetik. Tokiko Autonomiaren Europako Gutuna garatzen lagundu zuen, eta oraindik ere parte hartzen du Europako Kontseiluak sustatutako europar proiektuetan; Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigiluan, esaterako.

Hala, EAEko hainbat udalerrik lortu dute dagoeneko Europa mailan udalei ematen dieten bereizgarri gorena (ELoGE): Gasteizko, Bilboko, Basauriko, Eibarko, Andoaingo eta Urnietako udalak izan dira azkenak hori eskuratzen. 

Etorkizunari begira ere lanean dirau Eudelek, eta egun dituen ekimenen artean azpimarratzekoa da euskal udalerriek egindako ekarpena Euskadiko 2030 Agendari, Eusko Jaurlaritzak garatu eta maila anitzeko gobernantzan oinarritutakoa.