Itxi

Gizartea

DENBORALA

Elur-kota igo egingo da, baina euriteek bere horretan jarraituko dute ondorengo orduotan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Errepide batzuek normaltasuna berreskuratu duten arren, Arabako Herrera portua eta Nafarroako Aralarko San Migel, Otsagabia eta Erronkari-Zaraitzurako sarrera itxita dago.

1:31
Elurra. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia.

Neguko denboraleak Hego Euskal Herrian jarraituko du igande honetan. Euskalmeten arabera, tenperatura baxuak eta euria izango dira protagonista nagusiak, batez ere Bizkaian eta Arabako iparraldean. Leku horietan euri zaparradek kazkabarra ekar dezakete. Nafarroan, AEMETek jakinarazi duenez, gaur ere hotza espero da eta iparraldean euria egin dezake.

Elur-kota 200-300 metro inguruan egon da goizaldean, baina egunaren bigarren partean atertu egingo du eta kota 400-500 metroraino igoko da EAEn. Abisu horia elurragatik eguerdian amaituko da. Nafarroari dagokionez, elur-kota 300-400 metro ingurukoa izango da, baina Pirinioetan elurra edozein mailatan egin dezake.

Errepide batzuek normaltasuna berreskuratu duten arren, Arabako Herrera portua itxita dago, eta Urduñan kateak behar dira portua igarotzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontuz ibiltzeko eskatu du Altuben, Gasteizen eta Barrerillan, Bizkaiko Trabakua eta Barazar portuetan, eta Gipuzkoako Arrate portuan.

Nafarroan, Aralarko San Migel, Otsagabia eta Erronkari-Zaraitzura sartzeko bigarren mailako errepideak itxita daude. Gainera, kateak behar dira Artesiaga, Egozkue, Lizarraga, Urbasa eta Urkiagako portuetan zirkulatzeko.

Errepidetan gorabehera ugari eragin arren, irudi ikusgarriak utzi dizkigu elurrak, beste behin: