Itxi

Gizartea

Denboralea

Elur-maila 200 metro inguruan, ostiral gauean

EiTB Media

Gaur gauean indarrean egongo den alerta laranja larunbateko 10:00etan amaituko da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 12:00etan, berriz, Nafarroan.

0:44
Nieve en Pamplona. Imagen: EITB Media

Apirila iristearekin batera iritsi da elurra, eta Euskal Herriko leku askotan zuritu du. Elurra bota ez duen tokietan euria eta txingorra barra-barra egin du. Aurreikuspenen arabera, gauean elur-maila 200 metro inguruan kokatuko da. Alerta laranja egongo da indarrean gau osoan zehar: larunbat goizeko 10:00etan amaituko da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 12:00etan, berriz, Nafarroan.

Nafarroako hiriburuan, Iruñean, goizeko lehen orduan mara-mara ari zuen botatzen, hain justu jendea lanera edo eskolara joan den orduan. Goiz osoan, baina, tarteka bota du eta ez ditu kaleak zuritu, baina eragotzi egin du Osasuna normaltasunez aritzea Taxoare belardian, zuriz estalita esnatu baita.

AP-15 autobidea, ordea, goizean moztu egin behar izan dute hiru orduz. Une honetan zabalik dago, baina kontuz ibiltzeko gomendioa eman dute, eta horren ordez, Sakanako autobia erabiltzeko eskatu.

Nafarroako iparraldean ere gogoz bota du. Erroko portuan hainbat arazo eragin ditu eta tarteka errepidea itxita egon da. Aurizberri inguruan ere elurrak ezustean harrapatu ditu erromesak Donejakue Bidea egiten. Elurrari dagokion alerta laranja larunbatera arte egongo da indarrean: 12:00ak arte Foru Erkidegoan.

Araban, 08:00etan gogoz hasi da elurra botatzen Altuben, AP-68 autobidean. Ibilgailuak normal ibili dira errepide honetan eta sare nagusian ez da aparteko arazorik egon goiz partean. N-1 errepidean ere, Agurainen elurra bota du, baina errepidean apenas izan du eraginik.

Arazo handiagoak izan dira bigarren mailako errepide eta mendateetan. Herrera itxita dago berriro ibilgailu guztientzat, eta Urduñako gaina zabalik dago denentzat kateekin. Opakuan eta Gatzagan, autoek ateak behar dituzte eta itxita daude kamioientzat.

Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu larunbateko eskola kiroleko ekitaldi guztiak, elur aurreikuspenak direla eta. Gutxi baina Gasteiz hiriburuan ere elur malutak jausi dira. Datozen orduetan, iragarpenen arabera, gehiago botako du eta horregatik alerta laranja larunbateko 10:00ak arte egongo da indarrean EAEn.

Euskal Autonomia Erkidegoan alerta laranja bertan behera gelditzen denean Euskalmetek abisu horia aktibatuko du Araban, eta Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean igande goizera arte, 10:00ak arte.

Gipuzkoan, ekialdean izan dira prezipitazio handienak. A-15 autobia moztu behar izan dute Berastegin, baina 10:45 aldera berrireki egin dute. Elurraz gain txingorra ere izan da zenbait tokitan. Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu larunbateko eskola kiroleko aire zabaleko ekitaldi guztiak.

Usurbilen hiru autoren arteko istripua izan da 07:45 aldera. Ez da zauriturik izan, baina bai auto-ilarak, 6 kilometrokoak izan dira.

Arratsaldearen azken orduetarako elur-maila 200-300 metrotaraino jaistea espero da. Elurra eta txingorra Deba eta Urola Garaiko eskualdeetan bota du ere, baita Bizkaiko zenbait tokitan ere, Barakaldon esaterako, itsasotik 40 metrora.

Ipar Euskal Herria ere zurituta esnatu da gaur, eta goizean zehar ere gogotik bota du batik bat Garazi-Baigorri eskualdean.

Lapurdiko hiriburuan, Baionan, ere elurra egin du aspaldiko partez, baina Nafarroa Behereko hiriburuan, Donibane Garazin, eta inguruetan zuritu du gehien. Alerta laranja ezarri dute 15:00etan, larunbat gaueko 21:00ak arte.