Gizartea
URTEKO TXOSTENA
Pandemiaren aurkako neurriek osasunarekin lotutako kexak areagotu zituen iaz, Arartekoaren arabera
EITB MEDIA
Manuel Lezertuak urteko txostena aurkeztu dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari, eta, adierazi duenez, 2021ean ere pandemia oso presente egon da administrazioaren jardueran.
Arartekoak gaur aurkeztutako txostenaren harira, 2021ean guztira 12.491 jarduera egin dira, aurreko urtean baino % 27 gehiago; horietatik 7.578 kexei eta kontsultei dagozkie, eta 47 ofiziozko espedienteei. Arloka, Haur eta Nerabeentzako Bulegoari eta segurtasunari dagozkionak nabarmentzen dira.
Manuel Lezertua arartekoak urteko txostena aurkeztu dio astearte honetan Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari eta iazko datuak xehetu ditu prentsaurrekoan. Besteak beste, gizarteratzearen alorrak izan du ehunekorik handiena, izapidetutako kexa idatzien % 20 baino gehiago biltzen baititu.
Lezertuaren arabera, 2021ean 2.131 kexa-espediente ebatzi eta 1.422 ebazpen eman dira, eta adierazi duenez, pandemiak "oso presente jarraitu du gure bizitzetan, eta horrek Arartekoaren jardueran ere eragina izan du", covid-19ari aurre egiteko osasun neurriekin eta eskubide-mugekin lotutako kexa asko izan baitira.
Haurren eta nerabeen presentzia berariaz aipatzen duten edo inplikatuta dauden kexa-espedienteen kopurua 454 da 2021ean, Arartekoaren erakundean aurkeztutako espediente guztien % 16,4.
Testuinguru horretan Arartekoaren Haurren eta Nerabeen Bulegoko arduradunak, Elena Ayarzak nabarmendu du, 2021ean, gomendio orokor gisa, haur eta nerabeen abusu eta sexu-esplotazio kasuetan jarduteko jarraibideak aurkeztea izan duela bulegoak. "Gai honi dagokionez, erronka nagusia da erakunde eta parte-hartzaile guztiek elkarrekin lan egitea, norabide berean jardunez", adierazi du Ayarzak.