Itxi

Gizartea

Groseko hilketa

20 urtera zigortu dute Groseko hilketaz akusatutako gizona

EFE | Eitb Media

Frogatuta geratu da zigortuak 40 labankada baino gehiago eman zizkiola gizonezko bati kalean, Donostiako Gros auzoan, 2020ko martxoan eta horren ondorioz hil zela. Gertakaria estaltzeagatik auzipetutako neska-laguna absolbitu egin dute.

  • Epaiketa, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. EFE

    Epaiketa, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. EFE

2020an Donostiako Gros auzoan gizon bati kalean 40 labankada baino gehiago eman eta hiltzeagatik akusatutako gizonari, 20 urteko kartzela zigorra ezarri diote hilketa delitu batengatik. Gertakaria estaltzeagatik auzipetutako neska-laguna, berriz, absolbitu egin dute.

EFE agentziak eskuratu ahal izan duen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren epaiaren arabera, hiltzaileak biktimaren amari 60.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio eta 50.000 eurokoa ahizpari. Zigor ekonomikoen zenbateko horiek Fiskaltzak hilaren 8an, epaimahaiak errudun jo zuen egunean eskatutako berberak dira. 

Epaimahaiak "berariaz frogatutzat" jo zituen gertakariak jasotzen ditu, hau da, 2020ko martxoaren 14ko goizaldean, biktima hiltzailearen neskalagunarekin dantzatzen saiatu zela eta taberna batean ahozko liskar bat izan ondoren, akusatuak hildakoa kalean harrapatu zuen, eta 40 labankada baino gehiago eman zizkion sukaldeko labana batekin. Biktimak, gainera, ez zuen defendatzeko aukerarik izan, alkoholaren eraginpean zegoelako eta urrituak zituelako ahalmenak.