Gizartea
Polonia
Poloniak iragarri du Pablo Gonzalez kazetaria maiatzaren 29ra arte egongo dela behin-behineko espetxealdian
EITB MEDIA
Kazetari euskal herritarra otsailaren bukaeran atxilotu zuten Errusiarentzat espiatzen aritu izana egotzita. Harrezkero ezin izan du bere senideekin eta abokatuarekin hitz egin.
-
Pablo Gonzalez kazetaria artxiboko irudi batean.
Pablo Gonzalez kazetariari maiatzaren 29ra arteko behin-behineko espetxealdia ezarri diote Polonian, Gonzalo Boye abokatuak eitb.eus-i azaldu dionez.
Kazetari euskal herritarra otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik hurbil, gerrari eta errefuxiatuei buruz informatzeko lanean ari zenean. Ondoren, espetxeratu egin zuten, Errusiarentzat espiatzen aritu izana egotzita.
Joan den martxoaren 3an, Rzeszowko Auzitegiak hiru hilabeteko espetxealdia ezarri zion Pablo Gonzalezi, maiatzaren 29ra artekoa, hain zuzen ere. Hala jakinarazi diote Oihana Goiriena emazteari Poloniako agintariek gutun bidez helarazi dioten mezuan.
Goirienak EFE agentziari berretsi dio atxilotu zutenetik ezin izan dutela Pablorekin hitz egin eta Varsovian dagoen kontsul espainiarrak soilik duela baimena berarekin hitz egiteko. Haren esanetan, Pablo osasuntsu eta indartsu dago eta leporatzen dizkioten delituak ukatu ditu.
"Hasieran kezkatuta egon ginen, baina orain haserretuta eta amorratuta gaude, ezin dugulako ezer egin", deitoratu du. Ildo horretan, Espainiako Gobernuari eskatu dio Poloniaren jarrera salatu dezala.
Pablo Gonzalez Errusian jaio zen eta Gernikan bizi da, bere emaztearekin eta hiru seme-alabekin batera. Polonian atxilotu zuten, Ukrainako mugatik hurbil, berri-emaile lanetan ari zenean, Errusiako Inteligentzia Zerbitzuko agente bat zela egotzita.